Guardia Zibilak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarraitzeko "konpromisoa" du Espainiako Gobernuak. Hala ziurtatu du gaur goizean Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak, Hispanitatearen Egunaren harira Gasteizko Sansomendi auzoko kuartelean egindako ekitaldian. Nafarroako ordezkari Jose Luis Arastik ere gauza bera esan du, eta gaineratu "Guardia Zibila erkidegoan inoiz baino beharrezkoagoa" dela.
ETAren aurka egindako lana eta "ahalegina" eskertu die Lozak guardia zibilei: "Ez dizkiegu nahikoa eskertuko zuen familiei sufritutako estualdi guztiak. Bene-benetan, eskerrik asko". Lozaren esanetan, gaur egun Guardia Zibilak bere lana "duintasunez, zuhurtziaz eta irmotasunez" garatzen jarraitzen du "herritar guztien bizikidetza bakean eta askatasunean" bermatzeko.
Hala, Guardia Zibila joatea eskatzen dutenei mezua bidali die Lozak: "Argi eta ozen esan behar dugu gera daitezela! Batzuek zuek joatea eskatzen dute euren porrotean ezinbestekoak izan zaretelako. Baina Espainiako Gobernuak bermatuko du zuek Euskadin geratzea".
Iruñean egindako ekitaldi batean, Arastik guardia zibilei esan die "baloratzen eta estimatzen" duela haien lana, eta kritika egin die "errealiate hau manipulatu" nahi dutenei.