Guardia Zibilak gizon bat atxilotu du Bilbon, haur pornografiarekin lotutako adingabeak galbideratzeko delitu bat egotzita. Akfibi izendatutako operazioa 2023ko urrian hasi zuten, droga trafikoarekin eta diru zuriketarekin lotutako operazio baten barruan atxilotuetako baten ordenagailuan haur pornografia aurkitu zutenean. Eduki pedofiloa zuten 24 artxibo aurkitu zituzten hasieran, eta, azterketa sakonago baten ostean, beste kasu bat ireki zuten.
Azterketa sakonago horretan, orain atxilotutako gizonaren etxean sartu ziren, beste gailu elektroniko batzuk miatzeko asmoz. Horien artean, eduki pedofiloa zuen disko gogorra aurkitu zuten. Guztira, haur pornografia zuten 25 argazki eta 467 bideo aurkitu zituzten.
Artxiboak beste erabiltzaile batek jasotakoak ziren, horrelako edukiak partekatzeko behin-behineko kanalak irekitzen zituen batena. Beste plataforma batzuetan horrelako edukiak kontsumitu zituela ere egiaztatu zuten, eta, ondorioz, URL batzuk blokeatzeko agindua eman zuen Guardia Zibilak.