Guardia Zibilak lagun bat atxilotu du gaur arratsaldean Donostian, ustez Igor eta Aitor Esnaolaren aurkako operazioarekin lotuta. Lander Etxeberria da arratsaldean atzeman dutena, berri agentzien arabera, eta esnaolatarren eta ETAren artean lotura lanak egiten zituen. Donostian atxilotu ondoren, Villabonara eraman dute —hor bizi da—.
Gaur goizean Guardia Zibilak Aitor Esnaola Madrildik Legorretara (Gipuzkoa) eraman du, eta sendiaren baserria miatzen aritu dira berriro, eguerdira artean. 13:00 aldera polizia iturriek esan dutenez, gaur ETAren beste zulo bat aurkitu dute han, bertan aluminio hautsa, pentrita eta detonagailu lokarriak zituztela. Beste baserri bat ere miatu dute, eta, ustez, arma bat eta nitrato amonikoa topatu dituzte.
Arratsaldean, Zegama aldean ibili dira miaketa lanetan, Otzaurte mendian, beste zuloren bat topatu nahian. han ere eurekin izan dute Aitor Esnaola.
Guardia Zibilak 300 polizia mobilizatu ditu Legorretara itzultzeko, eta txakurrak eta helikopteroak ere erabili dituzte.
Defentsaren eskaerak, onartu gabe
Aitor eta Igor Esnaola anaien abokatuak Habeas Corpus eskatu du; atxilotuak berehala epailearen aurrera pasatzeko, hain zuzen. Espainiako Auzitegi Nazionalak, ordea, ez du onartu. Inkomunikazio aldian atxilotuak torturatuak izan daitezen saihesteko neurriak ere eskatu ditu defentsak, eta hori ere atzera bota du auzitegiak.
Defentsak zehazki hiru neurri eskatu ditu: atxiloketa aldian konfiantzako medikuaren bisitak izatea, atxiloketa une guztia bideo kameraz grabatzeko eta senideek atxilotuak non dagoen eta nola dauden jakiteko.
Biak inkomunikatuta dauzkate asteartetik, atxilotu zituztenetik. Hainbat eragile kezkaturik agertu dira bi egun hauetan, atxilotuak torturatzen ari ote diren.
Mobilizazioak
Atzo iluntzean 300en bat lagunek manifestazioa egin zuten Legorretan, "atxiloketak salatu eta senideei elkartasuna adierazteko". Gaur udal batzarra izango da, 18:00etan, eta ordu berean esnaolatarren lagunek-eta prentsaurreko bat emango dute Donostian. Igor Esnaolaren Idiazabalgo AMPO enpresako lankideek ordu erdiko elkarretaratzea egin dute, 13:30etik 14:00etara.
Bihar, 19:30ean, manifestazio bat izango da Legorretan. Bihar bertan, 18:00etan, hainbat eragilek prentsaurreko bat emango dute Donostian.
Esnaola anaiei ETAko kide izatea leporatu diete, eta Guardia Zibilak esan du baserrian 850 kilo lehergai eta bonbak egiteko materiala aurkitu dituela. Hori esatearekin batera, ordea, hiru eskopeta, hainbat kartutxo eta lau sakelako telefono ere eraman zituzten astelehenean. Atzo 70 litroko lapiko bat eta hiru tenporizadore eraman zituztela esan zuen Guardia Zibilak.