Hasierako susmoak "baieztatu eta areagotu" egin ditu aurkikuntzak. Kontuz elkarteak argi du atzean "mendeku politikoa" dagoela eta ohartarazpen argi bat bidali nahi dutela: "Ez badugu auzi hau irabazten, interes politikoen arabera edozein herritarren bizitza hondora dezakete".
Kontuz-eko eledun izateaz gain, 31 urtez Iberiako hegazkin zerbitzaria izan da Patxi Zamora. Hegazkinetan sartzeko baimena behar du, eta, iazko azaroan, Guardia Zibilak baimena berretsi egin bazion ere, hamar egun geroago kendu egin zion. Zamora bere lana egin ezinik geratu zelarik, Iberiak kaleratu egin zuen. Urtarrilean, "jazarpen ideologikoa" salatu zuen Kontuz-ek, eta azaldu zuen guardia zibil batek honako hau esan ziela Iberiako buruei: "Honek ez du berriro hegan egingo".
Gaurko prentsaurrekoan, informazio gehiago eman du Patxi Zamorak berak. Erabaki hori hartzeko txostena lortu dute auzitegietan. Hor ikusi dutenez, hegazkinetako baimenak ematen dituen Barne Ministerioko CEPIC organoak oniritzia eman zion baimenari, eta N00539F komandanteak berretsi zuen. Alta, hamar egun geroago, komandante horrek berak "ezgai" zela ebatzi zuen.
Bi lerroko mezua
"Zer gertatu zen hamar egun horietan, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuek mezu elektroniko bat bidali zuela, apenas bi lerrokoa". Han, "aire segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeen inguruneen gertukoa" izatea aurpegiratu zioten Zamorari. "Zer da hurbilekoa izatea? Zer ingurune dira horiek? Non daude hain kalifikazio larriak justifikatuko dituztena frogak?", galdetu du, gaur, Zamorak.
Oraintxe, epaitegietan hiru auzi daude irekita. Administrazioarekiko auzietarako epaitegian, Madrilgo Auzitegi Nagusian, N00539 komandantea lekukoa deitzera dei egin dute, eta hark uko egin dio, sekretu ofizialeko legea oinarritzat hartuta. Epaileak argudio hori onartu du. "Lanbroa erabatekoa da; mendekuz jokatzen ari dira", salatu du Jose Mari Compains Zamoraren abokatuak. Auzi hori epaitegiz epaitegi ibili da. Hasieran, Estatuko Abokatuak onartu zuen Guardia Zibilak justifikatu egin behar zuela Zamorari baimena kentzeko erabakia, baina auzia lehenik Nafarroako Auzitegi Nagusira eta ondoren Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzeko eskatu zuen. Orain, Madrilgo Auzitegi Nagusian dago. Zamoraren arabera, auzi horretan erabakiko da baimena kentzeko erabakiaren legezkotasunaz.
Bestalde, lan arloko epaitegian, kaleratzeari buruzko auzia dago irekita. Azkenik, arlo zibilean, adiskidetasun akordio batera deituta zeuden bi aldeak, baina bigarrena ez zen aurkeztu, eta hori ere irekita dago. Zamorak "gurutzebide judizialtzat" jo du dena. "Diru publikoarekin prozesu guztia atzeratu eta zailtzeko estrategia oso bat finantzatzen ari dira".
Horregatik, PSOEren gobernuari eskatu dio auzi hori amai dezatela.