Gueñesko Osotu Lanbarri ikastetxe pribatuko gurasoek gose greba hasi dute

Ohartarazi dute eskola ixteko zorian daudela, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa falta dela eta. Hezkuntza Sailak 500.000 euroko diru laguntza bat ematea onartu du asteon, baina gogorarazi du zentro pribatua dela, ez itunpekoa.

Osotu Lanbarriren aldeko manifestazioa, atzo, Bilbon. OSOTU LANBARRI
Osotu Lanbarriren aldeko manifestazioa, atzo, Bilbon. OSOTU LANBARRI
Irati Urdalleta Lete.
2025eko uztailaren 31
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gueñesko (Bizkaia) Osotu Lanbarri ikastetxe pribatuko zenbait gurasok gose greba hasi dute, ikastetxea ixteko zorian daudela salatzeko; Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa urriari egozten diote gaur egungo egoerara iritsi izana. Horregatik, Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean elkartu dira hogei guraso inguru; bertan pasatu dute gaua, kalean, gose greban. Atzo, manifestazioa ere egin zuten Bilboko kaleetan; antolatzaileen esanetan, laurehun lagun inguru batu ziren.

Nabarmendu dute Osotu Lanbarri ikastetxea ez dela ohiko eskola bat: 2024-2025eko ikasturtean, 202 ikasle zeuden matrikulatuta ikastetxean,  ikasleen %46k aparteko beharrak zituzten, beste %25ek laguntza pertsonalizatua jasotzen zuten, eta ikasleen %16k egokitzapenak zituzten, gaitasun handiak edukitzeagatik.

Pribatua da

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gogorarazi du zentroa pribatua dela, ez itunpekoa: «Bere iraunkortasuna eta finantza egoera titulartasuna dutenen ardura dira». Alabaina, jaso izan du Jaurlaritzaren laguntza: 2023-2024ko ikasturtean, 400.000 euro. Gainera, Eusko Jaurlaritzak asteon onartu du beste 517.051,31 euro ematea. «Joan den ikasturtean emandako aparteko laguntzak eta berriki onartutakoak Eusko Jaurlaritzaren aparteko lankidetza borondatean oinarritzen dira, baina ez dute zerikusirik zentroaren egituraren egoerarekin. Hezkuntza proiektua kudeatzen dutenei dagokie bideragarritasun ekonomikoa eta jarraipena bermatzeko beharrezko erabakiak hartzea, beren erantzukizunen esparruan», nabarmendu du Hezkuntza Sailak.

Osotu Lanbarriko familientzat, baina, jasotakoa ez da nahikoa: «Akordioa argia zen: 986.903,14 euro 2024-2025eko ikasturterako. Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro gutxiago eman dizkigu, eta berandu».

Halaber, Hezkuntza Sailari «elkarrizketa» galdegin diote. Hezkuntza Sailak berretsi du prest dagoela hitz egiteko, eta irailean bilduko direla ikastetxeko ordezkariekin. Gurasoak, ordea, mesfidati daude: «Ez dugu konfiantzarik. Ekintzak nahi ditugu, ez promesa huts gehiago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.