Urdaibaiko Guggenheim proiektua baztertzeko eskatu dute 374 zientzialarik

Museoaren ordez, Muruetako hezegunea lehengoratzea proposatu dute, uretako hegaztiak kontserbatzen lagunduko lukeelako. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak amaitutzat eman du maiatzean hasitako kanpaina.

Guggenheim Stop plataformaren manifestazioa, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Guggenheim Stop plataformaren manifestazioa, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
kristina martin
2025eko irailaren 18a
16:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urdaibaiko biosfera erreserban (Bizkaia) beste Guggenheim bat eraikitzearen aurkako manifestu bat plazaratu dute gaur, Bilbon. Zientzia alorrean diharduten 374 ikertzailek babestu dute museoaren egitasmoa baztertzeko eskaera. Adierazpenean bi eskari egiten dituzte: batetik, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diete bertan behera uzteko museoa eraikitzeko egitasmoa; eta, bestetik, horren ordezkoa proposatzen dute, hau da, industriaren jardunak lehortutako hezegunea lehengora dezaten.

Zientzialari horiek bat egin dute, hortaz, Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren aldarrikapenekin. Izan ere, prentsaurrekoa batera egin dute, eta bertan plataformak jakinarazi du amaitutzat eman duela Urdaibai babesteko asmoz maiatzean hasitako kanpaina.

Manifestuaren sinatzaileak 31 herrialdetako unibertsitate, zientzia elkarte eta zentroetako ikertzaileak dira. Guggenheimen beste museo bat egin beharrean, Murueta ontziolen lantegien eremuko hezegunea lehengoratzea proposatu dute, haien ustez horrek lagunduko lukeelako uretako hegaztiak kontserbatzen erreserban.

Sinatzaileetako gehienak Europako unibertsitate eta zientzia arloko zentro eta erakundeetan lan egiten dute. Multzo handi bat Euskal Herriko Unibertsitatean, Klima Aldaketa Ikergai zentroan (BC3) eta Zientzia Ikerketen Espainiako Kontseilu Nagusian (CSIC) ari dira.

Manifestuaren edukia gaur jakinarazi dute Bilbon egin duten prentsaurrekoan. Han izan dira Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kide David Henderson eta, zientzialarien izenean, Arantza Aldazabal eta Aitor Galartza, biak Biologian doktoreak.

Galartzak parte hartu zuen 80ko hamarkadan Urdaibaikoa biosfera erreserba izendatzeko eskatzeko prozesuan, eta hark hartu du hitza. Azaldu duenez, ez da sinadura bilketa hutsa, sinatzaile gehienak «doktoreak, katedratikoak eta ikerkuntza zentroetako zuzendariak dira».

Manifestuan, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diete bertan behera utz dezatela Muruetako ontziolen eremuan Guggenheim museo bat eraikitzeko egitasmoa. Horren ordez, biodibertsitatea babesteko proiektu egokiago bat proposatu dute: industriaren jardunaren eraginez lehortutako hezegunea lehengoratzea. Argitu dutenez, itsasaldien arteko eremu hori berreskuratzeak lagunduko luke Urdaibaiko erreserban uretako hegaztiak kontserbatzen. Galartzak gogorarazi duenez, lurzoru horiek Natura 2000 sarearen barruan daude, hegaztien babeserako eremuan, hain zuzen ere.

74 futbol zelairen eremua

Biologoek azaldu dutenez, Espainiako Gobernuak 1943an emandako baimen bati esker eraiki zituzten ontziolak hezegune horretan. Industria jarduera horrek kalte ekologiko itzela sortu du erreserban, zehazki estuarioa behin eta berriro dragatu, eta, horren ondorioz, hezeguneak ziren 53 hektarea lehortu direlako. «74 futbol zelairen pareko eremua», argitu dute.

Eskaera horiek babestu dituzten zientzialari gehienak goi mailako Europako erakunde eta zentroetan lan egiten dute, eta, esan dutenez, ezin hobeto dakite «Guggenheim museo bat eraikitzeak ekarriko lukeen inpaktua oso larria izango litzatekeela».

Kanpainaren itxiera

David Hendersonek, berriz, jakinarazi du gaurko aurkezpena dela Guggenheim Urdaibai Stop plataformak maiatzaren 19an hasi zuen kanpainaren amaiera. Haren helburua zen proiektuak erreserban eta eskualdean ekarriko lituzkeen mehatxu larrien inguruan kontzientzia sortzea, eta, alde horretatik, haren iritziz, helburua bete dute.

Zapore gazi-gozoa utzi die biodibertsitatea babestea helburu izan behar luketen erakunde garrantzitsuen isiltasunak. Izan ere, kanpaina horretan gutunak igorri dizkiete hezeguneen kontserbazioan aritzen diren Ramsar eta Unesco erakundeei, baita Trantsizio Ekologikoaren Espainiako Ministerioari. Gutun horietan Urdaibairen kontserbazioaren aldeko jarrera argia erakustea eskatu zieten, baina, Hendersonek adierazi duenez, hiruretako batek ere ez du erantzun. Biodibertsitatea babestu beharko luketen erakundeen isiltasunak gizartean mesfidantza sortzen dutela iritzi dio, eta ohartarazi du bidea zabaltzen duela pentsatzeko «interes ekonomikoek eta politikoek lehentasuna dutela ingurumenarekiko konpromisoen eta erantzukizunaren aldean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.