"Ekaineko giza kateko emozio zurrunbiloa" pasatuta, urte politikoari ekin dio Gure Esku Dago dinamikak, eta, "indarberrituta", irailaren 13an Bilbon erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldi bat egingo duela jakinarazi du gaur. Hilaren 18ko Eskoziako independentzia galdeketa eta azaroaren 9ko Kataluniakoa gogoan izango dute orduan (Plaza Barria, 18:00).
Aurretik, "bide orria osatzeko" ekainean herri eta hiri batzordeetara bidalitako galdetegiak jasoko ditu. Igande honetarako jarri du epea. Irailaren 10 eta 13 artean, berriz, herrialde batzarrak egingo dituzte, galdetegietako erantzunen "sintesia eta urte politiko berrirako egitasmoen inguruko eztabaida egiteko".
Hilaren 27an batzar nagusia egingo du Gure Esku Dago-k. Oraindik ez du jakinarazi non izango den. Han erabakiko dute zer egin, eta nola ("dinamikaren norabidea, asmoak, ekimenak...").
Iazko ekainaren 8an sortu zuten euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen aldeko plataforma. Urtebetean 170 batzorde sortu ditu, eta pasa den ekainaren 8an 150.000 lagun bildu zituen Durango-Iruñea katean.