Gure Esku: «Erabakitzeko eskubidea gauzatzen hasteko garaia da»

Josu Etxaburu eledunak ziurtatu du euskal gizarteak borondate argia erakutsi duela larunbateko mobilizazioaren bitartez: «Urratsak egin nahi ditu Euskal Herriaren burujabetza osoaren bidean, erabakitzeko eskubidea aplikatuta».

Josu Etxaburu eta June Romatet, Gure Esku-ko bozeramaileak, gaur, Donostian. GURE ESKU
Josu Etxaburu eta June Romatet, Gure Esku-ko bozeramaileak, gaur, Donostian. GURE ESKU
xabier martin
2025eko ekainaren 10a
12:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Gure Esku-k «anbizioz» jarduteko eskatu die gaur indar politiko eta eragile guztiei, «euskal herritar gehienak ordezkatzen dituzten erabaki eta adostasunak lortzeko». Izan ere, Gure Esku-ko eledun Josu Etxaburu sinetsita dago joan den larunbateko manifestazio handiak erakutsi duela euskal gizarteak borondate argia duela: «Urratsak egin nahi ditu Euskal Herriaren burujabetza osoaren bidean, erabakitzeko eskubidea aplikatuta».

Bilboko martxa handiaren balorazioa egiteko agerraldia egin du Donostian erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak. Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki mobilizazioari lotuta, hiru ardatz aipatu ditu Etxaburuk: «jendetza», batetik; «aniztasuna», bestetik, Euskal Herriaren «gehiengo politiko eta sozialaren ordezkariek» parte hartu baitzuten bertan; eta, azkenik, gazteen parte hartzea ere nabarmendu du. «Zenbait diskurtso interesatu» agerian geratu direla uste du Etxaburuk, parte hartze handia ikusita: «Euskal jendarteari burujabetza axola zaio. Euskal jendarteak nahi du burujabetza, eta behar du».

Estatus politikoa

Gure Esku-ko eledunak gogoratu du Euskal Herriko hiru esparru administratiboetan, «Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian», martxan direla autogobernua hobetzea helburu duten dinamikak. «Dinamika ezberdinak dira, erritmo eta ezaugarri ezberdinak dituztenak, baina denek helburu bera dute: estatus juridiko-politikoa eguneratzea». Bada, larunbateko manifestazioak argi erakutsi du, Gure Esku-ren arabera, euskal herritarrek nahi dutela aukera hori aprobetxatzea, «nazio artikulazioaren eta burujabetzaren bidean funtsezko urratsak egiteko».

Eledunak are gehiago sakondu du gehiengoaren kontzeptua; «herri honen gehiengo sozial eta politikoa ordezkatzen duten eragileek» parte hartu zuten Bilboko agerraldian: alderdi politikoek, sindikatuek eta askotariko elkarte eta taldeak. «Eta haiekin batera, milaka eta milaka herritar, iritzi ezberdinetakoak, gure aniztasunaren ispilu», erantsi du Etxaburuk. «Badago beharra, badago nahia eta badago nahikoa indar», biribildu du bozeramaileak.

«Euskal herritar gehienak ordezkatzen dituzten erabaki eta adostasunak lortzeko eta haiek gauzatzen hasteko garaia da»

JOSU ETXABURU Gure Esku-ko eleduna

Hala, nahi jakin batekin lotu du aurretik plazaratutako diagnosia: «Indar politikoek eta gainerako eragile guztiok herri ikuspegiz eta anbizioz jokatu behar dugu. Ardura hori dugu garai historiko honetan. Euskal herritar gehienak ordezkatzen dituzten erabaki eta adostasunak lortzeko eta haiek gauzatzen hasteko garaia da». Eskaera zehatzari izen-abizenez erreparatu dio, azkenik: «Erabakitzeko eskubidea gauzatzen hasteko garaia da».

EAJren ñabardura

Oro har eragileei erreparatu arren, batik bat indar politikoentzako mezuaren traza hartu dute hurrengo esaldiek: «Herri ikuspegia eta anbizioa behar da. Ahalegina egitea da gure ardura. Euskal jendarteak mezu hori helarazi du Bilbon, eta beraz, eragile sozial eta politikooi ardura horrekin jardutea dagokigu datozen hilabeteetan».

Euzko Alderdi Jeltzaleak askatasuna eman zien bere ordezkariei Bilbora joateko, martxaren bezperan, baina alderdi gisa uko egin zion atxikimenduari, eta mobilizazioaren garaiaren «egokitasuna» ere zalantzan jarri zuen EBBk. Etxaburuk garrantzia kendu dio aldagai horri, eta eskerrak eman dizkie EAJren militanteei herrietan «eskuz esku» egiten ari diren lanarengatik, beste herritar guztiei bezala. «EAJren ordezkaritza zabala izan genuen Bilbon, eta horri bere balioa eman behar zaio, EH Bildurenari, EH Bai-renari eta Ahal Dugunari ere ematen diogun bezala». Ezker konfederaleko beste alderdi Sumarreko ordezkaririk ez zen egon erabakitzeko eskubidearen aldeko martxan, Gure Esku-k berretsi duenez.

Gure Esku-ko eledunak argi utzi du, edonola ere, herri mugimenduak «zubiak zabalik» dituela indar politikoekin batera aritzeko; «batzuekin eta besteekin jardutea tokatzen zaigu hemendik aurrera ere». Hala, Etxaburu sinetsita dago datozen hilabeteetan harremanak sendotu egingo direla «eragile politiko eta sindikal guztien artean». Izan ere, «burujabetza osoaren bidea denok elkarrekin» egin behar dela gaineratu du eledunak: «Herri erantzunak behar dira; helburu hori ez da soilik Gure Esku-rena».

«Zati handi bat adostua»

Hain zuzen, Gernikako Estatutuaren berrikuntzaz aritu da Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia gaur Euskadi Irratian. Nazio aitortzaren gaia izan du hizpide, eta esan du «alderdi abertzaleek defendatzen duten hori Konstituzioan eta egungo Estatutuan» badagoela, eta ez duela inolako arazorik «beste era batera idazteko, betiere, ez baldin bada beste bide batzuk irekitzeko». Berretsi du Espainiako Estatuarekin adostu behar direla akordioak, eta «legearen barruan» izan beharko duela.

Hala eta guztiz ere, estatutu berri baterako negoziazioak bide onean doazela berretsi du: «Edukien zati handi bat adostua daukagu», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.