«Imajinatu libre. Ez bagara imajinatzen, ez gara izango!». Herri libre baten ariketa egitera gonbidatuz amaitu dute mobilizazioa Bilbon, milaka pertsonak ikurrinak haizatzen zituzten bitartean, udaletxeko plazaren aurrean. Gure Esku-k antolatuta, egun osoko jai eta aldarrikapen eguna egin dute Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean. Azpimarratu dute baliatu egin behar dela euskal lurralde guztietan estatus berri baterako eztabaidak irekita dauden garaia, «hitzak erabaki bihurtzeko garaia da», adierazi dute mobilizazioaren amaierako mezuan.
Casillatik abiatu da manifestazioa 17:30 pasatxo zirenean. Ordurako Autonomia kalea ikurrinak eta Nafarroako banderak zeramatzaten milaka pertsonaz betea zen. Joaldunek ireki dute bidea. Adarraren soinuaren atzetik ikurrin erraldoi bat hauspotu dute dozenaka lagunek. Euskal Herriak erabaki zeukan idatzia. Atzetik manifestazioaren pankarta nagusiak eta haien atzetik herritarrek egin dute udaletxerainoko bidea. Independentzia oihuak eta irrintziak han-hemenka noiznahi entzun dira ibilbide osoan. Honako hauek eraman dute pankarta: Josu Etxaburuk, Irantzu Perellok, Mirian Camposek eta Iraitz Lazkanok, Gure Esku-ko zuzendaritzako kideak; Idurre Eskisabelek, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak; Xabier Euzkitze kazetariak; Izortze Santin biokimikari eta irakasleak; Elena Jimenezek, Omnium Culturaleko ordezkariak; Conxita Boschek, Assemblea Nacional Catalanako ordezkariak; Adrian Bravok, Via Galegako ordezkariak; Aize Otañok, AEK-ko kideak; Xabier Goirigolzarri Eusko Jaurlaritzako zuzendari ohiak; Saul Arangibelek, Nafarroa Berriz Altxako kideak.
Manifestazioa Plaza Biribilera iritsi denean, Kontseiluaren izenean euskararen kontrako oldarraldi judiziala salatzeko pankartari eusten ari ziren hainbat lagunekin egin dute topo manifestariek, eta txalo zaparrada jaso dute mobilizazioa handik igaro denean. Hain zuzen, erraldoiak ere orduan gehitu dira mobilizaziora, eta udaletxerainoko bidea egin dute. Euskararen aldeko mezuak zeramatzaten paparrean; Euskal Herria euskararen herria dela, eta euskarari eutsi egin behar zaiola, besteak beste.
«Balia dezagun aukera hau erronkei erantzuteko gaitasuna irabazteko, ahalik eta arlo gehienetan»
IRANTZU PERELLOGure Esku
Itxaropenerako deia
Manifestazioaren amaieran Jon Maia bertsolariak hartu du lehenik hitza. Esperantzaren aldeko aldarria egin du, eta, lema horri eutsita, zera esan, etorkizuna «gure esku» dagoela. Haren ostean Sol Band talde palestinarrak kanta bat jo du, eta eskertu egin du Euskal Herritik jasotzen duten babesa. «Zuen elkartasuna bihotzeraino iristen zaigu. Palestinako hondakinetaraino iristen da elkartasuna». Txalo zaparrada jaso dute Palestinako abeslariek, eta Palestina askatu oihu artean agurtu dituzte.
Txoria txori kantatu ostean, hitza hartu dute Irantzu Perellok eta Josu Etxaburuk, Gure Esku-ren izenean. Bertaratutakoei eskerrak ematearekin batera, azpimarratu dute gaurko mobilizazioarekin «aske eta burujabe» izan nahi duen herri bat irudikatu dela, eta «bulkada garrantzitsua» eman zaiola burujabetzaren aldeko borrokari.
Izan ere, Euskal Herriak «garai historikoa» bizi duela azaldu du Etxaburuk. Estatus berri bat lortzeko lanetan hasiak daude Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu herritarrak eragile izan nahi du prozesu horretan: «Hitzak erabaki bilakatzeko garaia da. Hitzak alde batera utzi, eta euskal herritarren gehiengoa ordezkatzen duten akordioei eta erabakiei heltzeko garaia da», adierazi du. Erabaki ahalmenean aurrera egiteko ordua delakoan daude, eta «anbizioa» eskatu du prozesu horretarako. «Eztabaidak, proposamenak, akordioak eta erabakiak plazara ekarri behar dira orain».
Ardura hori partekatua dela adierazi du, eragileen, erakundeen eta herritarren artean, eta lankidetza horretan sakontzera deitu: «Ekin diezaiogun itxaropenez, anbizioz eta elkarrekin. Milaka lagun gaude bultzatzeko eta parte hartzeko prest».
«Ekin diezaiogun itxaropenez, anbizioz, eta elkarrekin. Milaka lagun gaude bultzatzeko eta parte hartzeko prest»
JOSU ETXABURUGure Esku
Helmuga: herri burujabea
Ildo berari heldu dio Perellok: «Helmuga argi daukagu: bere etorkizuna erabakiko duen herri burujabe bat izatea. Hori lortzeko bidean gaude». Gogora ekarri du euskal lurraldeetan irekita dauden prozesuak: «Baliatu dezagun aukera hau arazoei aurre egin eta erronkei erantzuteko gaitasuna irabazteko, ahalik eta arlo gehienetan».
Euskal Herriko testuingurua aipatu dute, baina ez dute ahaztu nazioartekoa. Adierazi dute «haize atzerakoiak demokrazien» aurka ari direla, eta eskubide zibilei, politikoei eta sozialei eraso egiten dietela: «Nazioarteko komunitatea ez da gai Europan bertan inbasio batek eragindako gerra bat amaitzeko, ezta Gazaren genozidioa geldiarazteko ere».
Txalo zaparrada bat joz erantzun dute bertaratuek. «Elkartasunezko besarkada handi bat» igorri du Etxaburuk, bertaratuen izenean, «suntsitua eta bere lurraldetik egotzia izaten ari den herri palestinarrarentzat. Baita bere etorkizunaren jabe izan nahi duten munduko herri zapaldu guztientzat ere».
«Euskal Herri libre eta burujabea» eraikitzen segitzeko esanez amaitu du Etxaburuk. Imajinatu libre kantaren oihartzunekin sakabanatu dira mobilizazioan izan diren milaka pertsonak.