Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku mugimenduak ohar bat plazaratu du, Urkullu lehendakariaren gutuna dela-eta izenburukoa. BERRIAk atzo nabarmendu zituen lehendakariak Espainiako gobernuburuei bidalitako mezuetan gizarte dinamikari eginiko aipuak. Horietan, besteak beste, dinamika bera «elementu tentsionatzailea» dela esan zion Urkulluk Pedro Sanchezi.
«Gure Eskuk atsekabez hartu ditu Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak procès-ari buruzko paperetan gizarte mugimendu honi buruz egiten dituen aipamenak», adierazi du dinamikak ohar batean, eta BERRIAren artikulua aipatu du iturri gisa. «Gure ustez, Gure Eskuri buruzko ikuskera distortsionatua erakutsi du». Mugimenduaren ekimenak herritarrak «kohesionatu eta ahalduntzera» bideratuta daudela adierazi du, eta nabarmendu dute euren helburua, sorreratik, «demokrazian sakontzea» izan dela, erabakitzeko eskubidearen defentsarekin.
«Gizartea benetan tenkatzen duena, ordea, etorkizuna erabaki nahi duen gizarte bati aukera hori eragoztea da», gaineratu du Gure Esku-k, eta tenkatzaileen artean zenbatu ditu «bozkatzera doazen herritarren kontrako biolentzia poliziala edo erreferendum bat posible egin zuten buruzagi politiko eta sozialen kontrako errepresioa». Horren adibide gisa, Kataluniako prozesuarengatik Espainiak zigorturiko presoei hirugarren gradua ukatu izana aipatu du.
Gure Esku-k erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraituko duela adierazi dio Urkulluri. Dinamikak adierazi du datozen hilabeteetarako «asmo ugari» dituela bide horretan, eta Urkulluri horiek «aurrez aurre» azaltzeko prest dagoela.