Nazioaren eta burujabetzaren ideiak bueltan dira gaur egun, «baina, kasu askotan, oinarri erreakzionarioei lotuta», ohartarazi du Gure Esku-k. Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak, ordea, uste du badela beste eredu bat: «irekia, esentzialismoari begiratzen ez diona eta herritarren eskubideetan oinarritzen dena». Horiek horrela, itzulera hori zeren gainean eraikitzen ari den aztertuko dute bigarren konferentzia subiranistan. Otsailaren 28an egingo dute, Bilboko Bizkaia aretoan, Burujabetza eta naziogintza lehian XXI. mendean izenburupean.
Erlazionatuta
Gure Esku-k iaz egin zuen lehenengo konferentzia subiranista, Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan, eta, iragarri duenez, egitasmo hori urteroko agendan egonkortzeko asmoa dute. «Naziogintzan eta burujabetzaren alde hainbat alorretan lanean ari garen eragile eta norbanako guztiok gogoeta egiteko eta iritziak trukatzeko tokiak eta momentuak behar ditugu», azpimarratu du Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak, gaur Bizkaia aretoan egindako aurkezpen ekitaldian.
«Are, bertako hausnarketak Euskal Herriko gainerako eragileekin eta, oro har, herritarrekin partekatu behar ditugula sinetsita gaude», gehitu du. Horixe izan zen iazko konferentziaren helburua, eta halaxe izango da aurrerantzean ere, Etxaburuk nabarmendu duenez. Izan ere, konferentzia urtero Euskal Herriko mugimendu subiranista zabal eta pluralaren bilgunea eta gogoetarako gunea izatea nahi dute: «Erronka erraldoiak ditu herri honek; erronka horiei aurre egiteko ezinbestekoa dugu burujabetza, eta elkarrekin pentsatzea eta eztabaidatzea behar-beharrezkoa da gero elkarrekin jarduteko», esplikatu du Gure Esku-ko bozeramaileak.
Nazioarteko testuingurua
Esan bezala, nazioarteko testuinguruari erreparatu nahi dio Gure Esku-k aurtengo konferentzia subiranistan: «Begi bistakoa da: burujabetzaren eta nazioaren ideiak bueltan dira. Besteak beste, beren burua subiranistatzat duten eta diskurtsoetan nazioaren defentsa barra-barra darabilten indar politikoak nagusitzen ari dira Europako eta Ameriketako hauteskundeetan, eta haietako asko gobernuetan dira». Baina, Etxabururen arabera, «bazterkeria, xenofobia, feminismoaren kontrako jarrera, eskubideen ukazioa eta negazionismo klimatikoa izaten dira mugimendu horien ezaugarriak».
«Erronka erraldoiak ditu herri honek; erronka horiei aurre egiteko ezinbestekoa dugu burujabetza, eta elkarrekin pentsatzea eta eztabaidatzea behar-beharrezkoa da gero elkarrekin jarduteko»
JOSU ETXABURU Gure Esku-ko bozeramailea
Gure Esku-k, ordea, herritarren eskubideetan oinarrituta dagoen eredu baten alde egiten du. «Hormak eta harresiak ez ditugula maite esan genuen aspaldi, kantuan, eta behin eta berriro errepikatu dugu», azpimarratu du Etxaburuk. Orain ideia bera sustatzen ari dira Herritu egitasmoaren bidez, eta ez daukate zalantzarik: «Euskal herritar gehien-gehienek bat egiten dute printzipio horrekin: herritar librez osaturiko herri librea nahi dugu».
Horregatik, aurtengo konferentzia subiranistak Burujabetza eta naziogintza lehian XXI. mendean izenburua izango du. Bertan, mahai gainean jarriko dituzten galderetako batzuk aletu ditu Etxaburuk: «Zer logika edo arrazoi daude nazioaren eta burujabetzaren ideien itzuleraren atzean? Zeintzuk izan dira naziogintzaren gako edo osagai historikoak? Eta zeintzuk dira gaur egun? Zer gertatzen ari da munduan eta, zehazki, estaturik gabeko nazioetan eta nazio txikietan? Zer jarrera dute ezkerrak eta eskuinak burujabetzaren inguruan? Nola definituko genuke subiranismo irekia? Nola berreraiki daiteke nazioa esentzialismotik edo bazterkeriatik aldenduta?».
Estatus berria
Estatus berriaren eztabaidari buruz irakurri eta entzun dituenekin «kezkatuta» dagoela aitortu du Etxaburuk, baina zera adierazi du: «Gehiagorik jakin ezean, kezka horrekin bizitzea ez dakit ez ote den alferrikakoa». Gure Esku zain dago ikusteko alderdien arteko harreman eta adostasun horiek zenbateraino ematen duten. Izan ere, herri mugimendu horretako eledunak argi utzi du: «Guk beti defendatu izan dugu, era batera edo bestera, estatus berri horrek bere baitan hartu behar duela euskal herritarron erabakitzeko eskubidea; eta jarraituko dugu batzuei eta besteei hori azpimarratzen».
Gure Esku etengabe ari da naziogintzari eta burujabetzaren aldeko mugimenduari ekarpena egin nahian, eta konferentzia subiranista «beste aletxo bat» da bide horretan: «Gogoetarako gune bat, mota guztietako eragileei eta, bereziki, herritar guztiei irekia. Ez baitugu nahi hausnarketa lau pareta artean geratzea, baizik eta kalera iristea. Gure Eskuk herritarrekin duelako konpromisoa». Bilboko konferentzia subiranistan parte hartzeko, Gure Esku-ko webgunean bertan eman daiteke izena.
EGITARAUA
Â
Otsailak 28
- 09:30. Abagunearen analisia. Kazetarien begirada. Dinamizatzailea: Ane Urkiri. Parte hartzaileak: Jon Olano (BERRIAko kazetaria), Maite Ubiria (Gara egunkariko kazetaria) eta Jurdan Arretxe (kazetaria).
- 10:30. Naziogintza, herrigintzaren bidetik. Aurkezlea: Zelai Nikolas (Gure Esku-ko kidea). Parte hartzailea: Xavier Antich (Omnium Culturaleko presidentea).
- 11:15. Atsedenaldia.
- 11:30. Nazioaren eta estatuaren itzulera. Subiranotasunaren aldaerak. Dinamizatzailea: Pili Kaltzada. Parte hartzaileak: Vicent Flor (Soziologiako doktorea eta ikerlaria), Michel Cahen (Historialaria eta Frantziako CNRSko ikerkuntza zuzendari emeritua), Nagore Calvo (Londresko King’s Collegeko irakasle titularra) eta Malen Dominguez (Soziologoa eta Telesforo Monzon eLabeko kidea).
- 13:00. Itxiera.
- 13:15. Mokadutxoa.
Â