Gure Esku-k 'Zazpi jauziz, herri bat' egitasmoa egingo du, «nazio gisa jauzi bat egiteko»

'Zazpi jauzi' dantza Euskal Herriko zazpi hirieburuetan egingo dute urriaren 25ean, «euskal lurraldeen arteko kohesioan eta burujabetza osoaren bidean jauzi bat egin beharra nabarmentzeko».

Gure Eskuren ekitaldia Larungo tontorrean. GURE ESKU
Gure Eskuren ekitaldia Larungo tontorrean. GURE ESKU
xabier martin
2026ko ekainaren 8a
10:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure Esku-k Larhungo Martxa egin zuen atzo goizean, eta gailurrean egindako ekitaldian iragarri zuen Zazpi jauziz, herri bat ekimena egingo duela urriaren 25ean. Hain zuzen ere, «euskal lurraldeen arteko kohesioan eta burujabetza osoaren bidean jauzi bat egin beharra nabarmentzeko» antolatuko dute ekitaldi hori, aldi berean, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako hiriburuetan.

«Nazioa garela erakusteko, euskal lurraldeen arteko lotura sendotu behar dela esateko eta burujabetza osoaren bidean jauzi bat egin behar dugula aldarrikatzeko» izango da urriaren 25eko ekitaldi hori, Bilbon, Gasteizen, Donostian, Baionan, Donibane Garazin, Maulen eta Iruñean. Zazpi jauziz, herri bat lelopean ariko dira, Irati Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileak azaldu zuenez.

Larhungo Martxan dozenaka lagunek parte hartu zuten atzo, eta, tontorrean egindako ekitaldian, Gure Esku-ko kideak adierazi zuen gaur egungo jokalekuan «premiazkoa» dela «komunitate sena indartzea eta burujabetza tresnak eskuratzea». «Garai nahasia bizi dugu», esan zuen Alvarezek: «Olatu erreakzionario bat astintzen ari da mundua, indarraren eta zapalkuntzaren logika inposatu nahi duena, herritarren oinarrizko eskubideak murriztu nahi dituena eta gurea bezalako nazio txikiak ukatzen dituena». Horiek horrela, inoiz baino beharrezkoagotzat jotzen du eledunak «euskal komunitate sena aplikatzea, eta gure naziotasuna eta gure herritarren eskubideak aldarrikatzea, babestea eta indartzea».

Euskaltzaleen martxa

Beraz, Euskal Herriak «burujabetza tresnak eskuratzea inoiz baino beharrezkoa da», Gure Esku-ren arabera: «Gure nazioaren zutabeak, gure hizkuntza, gure kultura… zaintzeko eta biziberritzeko, baita herritar guztien eskubide guztiak blindatzeko eta are gehiago zabaltzeko ere». Era berean, Euskal Herriko zazpi lurraldeen arteko «kohesioa sendotzea» ezinbestekoa dela uste dute. «Jauzi hori herri erronka da, nazio ikuspegiaz eta arduraz eta edozein logika elektoralistatik kanpora egin beharrekoa», gaineratu zuen Gure Esku-ko bozeramaileak.

Urriaren 25eko egitasmoaren berri emateaz gain, Gure Esku-k Kontseiluak hilaren 13rako Iruñean deitutako Euskaltzaleen Martxan parte hartzeko deia ere egin zien herritarrei. «'Herria da gorputza; hizkuntza, bihotza' esan zuen Xalbadorrek. Eta gure bihotzak aktibazioa behar du. Euskarak egoera zaila du, testuinguruak ez du batere laguntzen, baina herri honek jakin du ataka okerragoetan ere euskarari eusten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE