Ekitaldietan saldutako 12.400 «elkartasun kamisetei» esker, 80.000 euro batu ditu Gure Haurrak Ere Badira plataformak. Bildutako diru guztia Palestinara bidaliko dute, Paz con Dignidad, UNRWA eta Mundubat erakundeen bitartez. Izan ere, gogorarazi dutenez, «genozidioak aurrera jarraitzen du, hedabideetan bigarren mailan geratu bada ere».
Gaur Haur eta Nerabeen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, Gasteizen egin du prentsaurrekoa Gure Haurrak Ere Badira plataformak. Duela bi urte pasatxo Israelek Gazaren aurkako erasoaldia gogortu zuen, eta harrezkeroztik ehunka egitasmo antolatu izan dituzte Euskal Herriko ikastetxeetan, Palestinako umeen egoera salatzeko. Urrian bakarrik berrehun ikastetxetan baino gehiagotan egin zituzten dinamikak, eta ehunka ikaslek, langilek eta irakaslek parte hartu zuten. Gauzak horrela, aintzat hartu dute ikastetxeek emandako «erantzun zoragarria».
Horretaz gain, urriaren 25ean milaka herritar batu zituzten Bilbon egindako nazio manifestazioan: Israelek Palestinan eginiko genozidioan hildako adingabeak gogoratu zituzten, eta palestinar herriaren existitzeko eskubidea aldarrikatu zuten. Bada, ekimen horietan guztietan saldutako 12.400 kamisetei esker, 80.000 euro batu dituzte.
«Ez gaitezen Palestinaz ahaztu»
Diru hori Palestinara bidaliko dute, Paz con Dignidad, UNRWA eta Mundubat erakundeen bitartez. Izan ere, salatu dutenez, «egunetik egunera areagotzen ari da haur palestinarren sufrimendua, hedabideetan bigarren mailan geratu bada ere».
Hori dela eta, ume palestinarrak ez ahazteko eskatu diete herritarrei: «Ez gaitezen Palestinaz ahaztu, eta ez ditzagun haur palestinarrak ahaztu. Bertako haur eta nerabeak gureak ere badirela sentitzen dugu, eta ez gara nekatuko bidegabekeria hori salatzeaz».
Era berean, Eusko Jaurlaritzari mintzatu zaizkio, Donostia ospitalean dauden bi familia palestinarrei «merezi duten» harrera egin, eta osasun arreta eman diezaien.