Niamh eta Saoirse. Izen irlandar horiek dira Erresuma Batuan sarrien txarto ahoskatzen diren hitzak. Haiei lotutako hutsegite fonetikoak beste edozein berbarekin baino gehiagotan izaten dira. Gyro eta croissant hitzekin ere arazoak dituzte ingeles hiztunek, baina Niamhekin eta Saoirserekin marka guztiak hausten dituzte, The Telegraph egunkari britainiarrak argitaratu duenez.
Hedabideak izen gaelikoak dituzten kazetariak bilatu ditu plantillan eta haien bizipenak jaso. Niamh Walsh-ek umorez heldu dio gaiari. Hark esan duenez, Irlandatik kanpo ia inork ez du bere izena ondo ahoskatzen. Muga pasatu eta Niamh izena Neem, Nay-am-huh. Nye-am, Nymph edo Nee-hoo bihurtzen da. Starbucks-en zerbait eskatu eta izena nola duen galdetzen diotenean gogoa izaten du beste bat emateko —Lily, esate baterako—, baina azkenean eutsi egiten dio. Haren iritziz, amore ematea «mendeetako ondare gaelikoa traizionatzea» izango litzateke. Eir Nolsoe-ri ere egunero aldatzen diote izena. Eir err, air, ear, eysh, aish edo Erin bilakatzen da. Bikotekideak berak Aisha deitzen dio. «Nire izena Ireland hitzaren Ire bezala ebakitzen da, beharbada r pixka bat gogorrago batez», jakitera eman du emakumeak. Hortaz, ez luke hain zaila izan behar, baina...
Euskal izenekin antzera gertatzen da hainbat kasutan, nahiz gureak, itxuraz, irlandarrak baino errazago ahoskatzen diren. Diferentzia nabarmen bat dago, ordea. Niamh Walshen arabera, Irlandan ondo ebakitzen dituzte haien izen-abizenak. Herritar guztiek egiten dute, «medikua izan edo postaria». «Muga zeharkatzen duzun unean hasten da benetako dibertimendua», adierazi du andreak. Hemen, aldiz, ez dugu Espainia edo Frantzia aldera joan behar euskal izen eta abizenak txarto ahoskatuta entzuteko. Guk etxean dugu saltsa. Eta ez edonolakoa.
Gurea herri bakarra bide da munduan, bere izen-abizenak beste hizkuntzei men eginez ahoskatzen dituena
Izan ere, euskal herritar ugarik gaizki ebakitzen dituzte euskal izenak. Umeari Uxue izena ipini eta Usue entzungo duzu. Elixabete Elisabete bihurtzen da; Aritz, Arich; Unax, Unas; Bittor, Bichor eta Antton Mattin Anchon Machin (ia-ia Antonio MachĂn. Dos gardenias para ti...). Izenak erdal fonetikaz ebakitzen ditugu. Eta abizenak, erdal doinuaz: MendizĂ¡bal, ArrizabalĂ¡ga, GaramĂ©ndi...
Gurea herri bakarra bide da munduan, bere izen-abizenak beste hizkuntzei men eginez ahoskatzen dituena. Horraino heltzen da kolonizazioa. Behin, kargu hartu zidan ikasle euskaldun batek bere abizena «gaizki» ebaki nuelako. Haren etxean EcheverrĂa esaten zuten. Zer erantzun behar nion neskari? «Zure familia kolonizatu kuadrilla izatea ez da euskal fonetika txikitzeko arrazoia»?
Espainiarrek eta frantsesek ederki dakite haien izenak ahoskatzen —tokian tokiko aldaera fonetikoak gorabehera, bistan dena—. Erdaldunek ez dute arazorik haien hizkuntzetan abizenak esateko unean. Areago: erroak beste mintzaira batean dituzten deiturak etxeko fonetikaren arabera ebakitzen dituzte: Madrilen Ladoire ahoskatuko dute jatorri frantseseko abizena. Serge Blanco Serge BlancĂ³ da Parisen eta Ipar Euskal Herrian. BlĂ¡nco, Espainian eta Hegoaldean. Nolatan ahoskatuko dugu MonĂ©derĂ³, EizaguĂrre esaten badugu?
The Telegraph-eko artikuluak 1.200 iruzkin baino gehiago bildu ditu. Testu askotan begirunea azaldu dute irakurleek. Hala ere, izan da nagusikeriaz eta mesprexuz idatzitako iruzkinik. Adibidez: «Zertarako jarri zure haurrari halako izen bat jaioterritik kanpo gaizki ahoskatuko dutela baldin badakizu?». Normala izan zaitez! Bautiza, nombra eta, asko eskatzea ez bada, habla en cristiano. Hona ez etorri txorakeria horiekin.
Nago berdin antzean pentsatzen dutela gure metropolietako hiriburuetan. Zertarako Unax edo Amets izena ipini txarto ahoskatu eta, gainera, itzultzeko eskatuko badizute? —zer esan nahi dute, bada, Jonathanek, Sheilak eta Luciak?—. Txarrena hauxe da, baina: guk, irlandarrek ez bezala, ez dugu atzerrira joan behar geure izenak eta abizenak oker ahoskatuta entzuteko. Etxean bertan egiten dugu huts. Guk geuk.