Pastor

Gure jainkoen jainkoak

2026ko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gola sartu du Messik. Besoak altxatu eta zerura begiratu du, trantzean balego bezala. Egiptoren aurkako partida amaituta, hedabideen aurrean agertu da argentinarra: «Jainkoak, berriro ere, zerbait gordea zuen niretzat».

Astebete lehenago, Norvegiak eta Boli Kostak jokatu zuten. Antonio Nusak sartu zuen eskandinaviarren lehen gola. Sarea urratu bezain laster zelaian belaunikatu zen, besoak eta begiak gora. Hark ere, Messik legez, eskerrak eman nahi izan zizkion jainkoari. Telebistako kirol-emanaldietako publizitate subliminala gaitzesten dugu, baina otzan irensten dugu proselitismo erlijioso agerikoa. Prime time-n, gainera! Futbol izar baten esaldi soil bat hamaika apaizen sermoiak baino eraginkorragoa da jendea erakartzeko. Ez da kexatuko Vatikanoa!

Gero eta erlijio-keinu gehiago ikusten dira estadioetan. Kristauek eta musulmanek euren fedearen berri ematen digute: batzuek zeruari so harro; besteek, lurrean belauniko, apal. Helge Simmones kazetari norvegiarrak joera hori kritikatu du Dagsavisen egunkarian —aipagarria da Simmones Vart Land hedabide kristau kontserbadoreko erredaktoreburu ohia dela, ez komunista ateoa—. Haren ustez, erlijioa Norvegiako politikatik kanpo dago, baina futbolean hedatzen hasi da.

Hemen ere gure jainko lurtarrek eskerrak ematen dizkiete beraien jainko zerutarrei gola sartzen dutenean. Adierazpen askatasuna. Bai, baina zer izango litzateke faveletan jaiotako ume batek nagusitan Mundu Kopa irabazi, ukabila altxatu eta Internazionala kantatuko balu? Eta haur horrek garaipenaren ondoren belaunikatu eta aitagurea errezatuko balu milioika lagunen aurrean? Kasu horretan, ezer ez. Eta, mesedez, ez esan komunismoak gizaki mordoa hil duela historian zehar. Hasiko gara mundua sortu zenetik erlijioek eraginiko gerra eta sarraskietako biktimak zenbatzen?

Zer erakutsi nahi dio futbolari fededunak munduari? Jainkoak bera aukeratu duela besteen gainetik? Zer pentsatuko genuke Pradales, Iriart edo Txibite berdin mintzatuko balira? «Jainkoak aurrekontuak onartzea nahi zuen». Edo herritar xume bat, oposizioak bikain egin ostean, serio-serio: «Jainkoak zerbait gordea zuen niretzat». Erridikulua. Nondik irten da satelite hau? Hala ere, futbolari batek «Jainkoak lagundu dit lesioa gainditzen» adierazi eta inork ez dio txorakeriak uzteko esaten, medikuntzak sendatu baitu. Aldiz, politikari batek «Jainkoari esker irabazi ditut bozak» azaldu eta barre egingo genioke. «Botoei esker irabazi duzu, txotxolo horrek!».

Simmonesek aditzera eman duenez, Herbehereetako selekzioa «Mundu Kopako talderik kristauena» izan da. Dozena bat futbolarik «Biblia ikasten» jardun dute hotelean, Cody Gakpo eta Denzel Dumfries jokalarien ekimenez. Aldageletan ere izan da erlijio-erriturik. Gurean ez dugu oso desberdin jokatzen. Horrek laguntzen ote duen... 2012ko Europa ligako finalean otoitz egingo zuten Athleticeko jokalariek Atletico Madrilen aurka jokatu baino lehen. Ez behar bezain ozen, antza, jainkoak koltxoneroen errezoak besterik ez baitzuen aditu. 2007an, Reala Valentzian berdindu eta Bigarren Mailara jaitsi zenean, badirudi gure Jaun amorosoak kasu gehiago egin ziela jokalari eta zale bizkaitarren eskaerei gipuzkoarrenei baino —Athletic ere ez zegoen salbatua, egoera hobea bazuen ere—. Inork ikusi zuen jainkoa Pozasen, elastiko zuri-gorria jantzita? Zeruak talde bat bestea baino maiteago izan zuela pentsatzea ez al da absurdoa?

Ozeanoan zeharreko hegaldi batean ondoan nuen emakume bat hiru aldiz zeinatu zen hegazkina aireratzeko unean. Gero, begiak itxi eta minutu erdi batez zerbait xuxurlatu zuen, errezoan edo. Dena oso modu errespetagarrian. Ez zuen bozgorailua hartu bere sinesmena aldarrikatzeko. Istripurik izan balitz, seguruena ez nukeen aukerarik izango andreari beste bidaiariei zorte txarra ekarri izana leporatzeko. Zorionez, egun hartan jainkoak haren alde egin zuen. Zorionez, egun hartan zoriak ez zuen nire kontra egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA