Gurtzan, ospakizunetan eta ikuskizunetan edukiera apalduko dute Nafarroan

Ospakizunetan, gehienez 75 lagun elkartu ahal izango dira leku irekietan, eta 35, berriz, leku itxietan. Gaueko aisiari dagokionez, itxita jarraituko dute diskotekek eta dantzalekuek.

Iruñeko Sarasate pasealekua. IñIGO URIZ / FOKU
jon olano
2020ko abuztuaren 26a
16:30
Entzun

Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak hartu ditu zenbait eremutako edukierari dagokionez, COVID-19aren hedapena gelditu nahian. Besteak beste, gurtzarako guneak %75eraino bete zitezkeen orain arte, baina betetze maila %50era jaitsiko dute. Gainera, ospakizunetan —ezkontza zibiletan nahiz erlijiosoetan, eta bestelako ospakizunetan—, gehienez 75 lagun elkartu ahal izango dira leku irekietan, eta 35, berriz, leku itxietan. Edonola ere, mahai bakoitzean ezingo dira hamar pertsona baino gehiago elkartu, eta derrigorrezkoa izango dute maskara erabiltzea eta euren artean metro eta erdiko tartea gordetzea.

Nafarroako Gobernuak gaur onartu du araudi berri hori, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean sartuko da indarrean.

Gaueko aisiari dagokionez, itxita jarraituko dute diskotekek eta dantzalekuek, eta ostalaritzako gainerako guneetan, berriz, orain arteko edukierari eutsiko diote; %75 leku itxietan eta %100 terrazetan.

Ikuskizunen arloan ere badira berritasunak; zinema aretoetan, antzokietan, zirkuetan eta horrelakoetan %75 izango da gehieneko edukiera; leku itxi batean ikusleak 350 baino gehiago badira, eta irekietan 700dik gora, antolatzaileek txosten bat eskatu beharko diote Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, hark erabaki dezan ea ekitaldiak beharrezko neurriak betetzen dituen. Orain arte, muga hori 500 zen leku itxietan, eta 1.000 irekietan.

Erretiratuen zentroetan ere edukiera murriztuko dute; %75etik %50era. Gainera, edukiera kontrolatu ezin duten edo prebentzio neurriak bete ezin dituzten zentroak ez zabaltzea gomendatuko du gobernuak, aisialdirako ekitaldiak egiteko bada.

Garraio publikoa

Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu du birusaren hedapena moteltzea dela neurrion helburua, gaur egun batez beste ehun kasu eta 108 agerraldi daudelako: «Kopuru horietara iristean, oso zaila da jaistea, positibo bakoitzak hainbat pertsona kutsatzen dituelako; tamalez, erraza da esponentzialki gehitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.