Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeentzat «esanahi berezia» izango du azaroaren 21ean egingo duten bosgarren biltzarrak, EAJk eta PSEk pentsioen osagarri bat ezartzearen aldeko herri ekinaldia tramitatzeari atea itxi ostean etorriko delako. Hain justu ere, bilera horretan gai hori hizpide izango dute, eta jeltzaleen eta sozialisten erabakiari zer «erantzun» eman adostuko. Baina hori ez da izango batzarrean jorratuko duten gai bakarra; adineko emakumeek jasaten duten indarkeria matxista ere «ikusarazi» nahi dute. Gasteizko Salburua auzoko Gizarte Etxean egingo dute batzarra, goizean hasita.
Pentsioen osagarria tramitatzeari atea itxi zion Eusko Legebiltzarreko atean bertan batu dira emakume pentsiodunak, gaur goizean. Zahartzaroan diru sarrera duinik ez dutenei, eta berogailua edo argia ordaintzera iristen ez diren emakume horien aldeko ekintza sinbolikoa egin dute han: erosketa poltsak eraman dituzte, eta eraikinaren atarian lotu. Poltsek EAJren eta PSE-EEren aurkako mezuak zituzten idatziak, besteak beste, Pentsio txikia. Miseria handia! eta Miseriazko pentsioekin ezin da bizi. «Hemen gaude gure erosketa poltsak hutsik, milaka emakume pentsiodun horiek ordezkatzen, ez baitute diru sarrera propio eta duinik erosketa poltsa betetzeko», adierazi dute.
Bortxa matxistaz eta zaintzaz ere bai
Ehun emakume pentsiodun baino gehiago bilduko dira datorren asteko biltzarrean, eta pentsioen auziaren inguruan zer urrats egin erabakiko dute, hainbat emakume talderekin eta mugimendu feministarekin elkarlanean. Baina pentsio osagarriaz gain, bestelako gaiak ere izango dituzte eztabaidagai: indarkeria matxistaren kontrako egunaren karietara, adineko emakumeek jasaten duten indarkeria matxistaz eta zaintzaz jardungo dutela iragarri dute.
Emakume pentsiodunek ohartarazi dute adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista «ezkutuan» dela, eta ezinbestekoa dela hura «ikusaraztea». Gaiaz jarduteko, Iratxe Herrero Zarate 2021ean Emakunderen beka bat jaso zuen ikerlaria gonbidatu dute. Indarkeria matxistari buruz egindako ikerketan, Herrerok azpimarratu zuen adineko emakume askok pairatzen dutela indarkeria matxista, baina arreta zerbitzuak eta baliabideak ez daudela haien beharretara egokituta.
Gasteizko batzarrean azterlan hori mintzagai izango dute, eta, ondoren, zehaztuko dute zer neurri hartu adineko emakumeek pairatutako indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko eta indarkeria mota hori prebenitzeko. Horrez gainera, zaintzari buruzko jardunaldi baten berri ere emango dute greba feminista bultzatu zuten gizarte eragileekin batera. Jardunaldi hori Denon Bizitzak Erdigunean plataformarekin batera antolatuko dute 2026ko apirilean.