Gutxienez 22 langilek positibo eman dute Tolosako Asuncion klinikan

Azken egunetan positibo ugari agertu dira zentroan, eta ohiko jarduna etetea erabaki dute. Pazienteek ez dute bisitarik jasoko, eta inor gehiago ospitaleratu behar izatekotan, Bidasoko ospitalera eramango dute. BERRIAk jakin duenez, espero dute datorren asteartean edo asteazkenean ohiko jarduerara itzultzea.

Tolosako Asuncion klinika. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 9a
21:51
Entzun

Osasun zerbitzua eten egin dute Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikan. Zentroko iturrietatik BERRIAk jakin duenez, azken egunetan positibo ugari azaldu dira klinikako langileen artean, eta, egoera ikusita, zerbitzua etetea erabaki zuten atzo arratsean. Espero dute datorren asteartean edo asteazkenean ohiko jarduerara itzultzea.

Aste hasieran hasi ziren koronabirus kasuen berri izaten Asuncion klinikan: hiru medikuk eta administrazioko langile batek eman zuten positibo. Egoera ikusita, PCR probak egin dizkiete klinikako langileei, eta positibo gehiago azaldu dira. Kutsatze katea ikertzen ari dira, eta langileei probak egingo dizkiete berriro, positibo gehiago baden jakiteko. Oraingoz, 22 langilek eta bi gaixok positibo eman dute. Guztira, 350 langile ditu Asuncion klinikak.

Lehen positiboen berri izatean, erabaki zuten bisitak etetea, klinikan dauden pazienteek bisitarik ez jasotzea. Izan ere, BERRIAk jakin duenez, klinikako zuzendaritzak langileei adierazi die uste dutela gaixo baten bisitariak eragin duela fokua. Arazoaren larritasuna ikusita, aparteko beste neurri batzuk hartu dituzte orain, eta bertan behera utzi dute zerbitzu gehiena. Soilik larrialdiak artatuko dituzte, eta ez da izango ebakuntzarik eta kontsultarik. «Zubi honetan zehar, larrialdiek eta ospitaleratze solairuek ohiko moduan funtzionatuko dute», jakinarazi dute ospitaletik. Gainera, gaixoak birkokatu dituzte, gela bakoitzean gaixo bakarra egon dadin.

Jadanik Asuncionen dauden pazienteek bertan jarraituko dute, zaintzapean. Beste norbait erietxeratu behar izatekotan, berriz, ez dute klinikan artatuko: Bidasoko ospitalera bideratuko dute, Irunera.

Beste prebentzio neurri bat ere hartu dute lau asterako: zazpi egunetik behin koronabirusaren test bana egingo zaie Asuncionen dauden gaixo eta langile guztiei. Zuzendaritzak langileei esan dienez, beste hainbat neurri ere bete beharko dituzte: kafetegira gehienez binaka joango dira; langileentzako jantokia itxiko dute, fisikoki guardian egon behar duten medikuentzat izan ezik; ospitale barruko mugimenduak ahalik eta gehien ekidin beharko dituzte; bertan behera utziko dituzte hiru pertsona baino gehiagoko bilerak; eta abar. Ospitaletik nabarmendu dute neurri guztiak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin adostu dituztela.

Klinika pribatua da Asuncion, baina zerbitzu publikoa ematen du Tolosaldean, Osakidetzarekin hitzarmena egina baitauka.

Tolosako Udalak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die herritarrei: «Protokoloak azkar jarri dira martxan, eta beharrezkoak diren neurri guztiak hartu dira».

EH Bildu, argibide eske

EH Bilduk ohar bidez jakinarazi duenez, Ibai Iriarte legebiltzarkideak ofizialki argibideak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari klinika «konfinatzeko» arrazoien eta hartutako erabakien inguruan: «Oso larria da klinikaren itxiera honen inguruan oraindik inongo azalpen ofizialik ez izatea, eta dakiguna prentsaren zein bestelako iturrien bidez jakin izana». Osasun Sailaren nahiz Asuncion klinikaren «gardentasun falta» nabarmendu du, eta herritarrentzako «ondorio negatibo argiak» izan ditzakeela ohartarazi: «Pazienteren bat ospitaleratu behar izatekotan, nora eta Irungo ospitalera bideratuko dute». Iriartek gogorarazi du Donostia ospitalea gertuago dagoela, eta Asuncion klinikarekin hitzarmena sinatu aurretik eskualdeko erreferentziazko ospitalea zela.

«Ospitaleetan bete beharreko protokoloak oso zorrotzak dira, eta pentsatzekoa da klinika horretan zerbait gaizki egin dela». Hala izan bada erantzukizunak hartu beharko dituztela esan du Iriartek. Gertatutakoak EH Bilduren iritzia berresten duela ere azpimarratu du: «Osasun zerbitzu publikoak ezin dira esku pribatuetan utzi». Tolosaldeko herritarren osasun arta hobetu beharra dagoela esan du, baita ospitale publikoa behar dela ere: «Hau Tolosaldean gertatu izana ez da kasualitatea, eta bertako herritarrek jasaten duten bigarren mailako osasun arretaren erakusle dela frogatzen du».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.