Gutxienez 25 gudariren gorpuzkiak aurkitu dituzte Zornotzako hilerrian

Aranzadi taldea indusketa lanak egiten ari da Zornotzako hilerrian. Orain arte 25 gorpuzki aurkitu dituzte. Lanean jarraituko dute datorren igandera arte, hildako gehiago aurkitzeko esperoan.

Dagoeneko hogeitik gora dira Amorebieta-Etxanoko hilerrian berreskuratu diren gerra zibilean desagertutako gudari eta milizianoen gorpuzkiak
Aranzadi taldekoak indusketa lanetan. MIGUEL CALVO ALEJO / EUSKADI.EUS
marcos tedin
Zornotza
2023ko abenduaren 5a
17:45
Entzun

Zornotzako hilerrian, Bizkaian, Aranzadi taldeak 25 gudariren gorpuzkiak aurkitu ditu, gutxienez. Hiru hilobitan zeuden banatuta hildakoak, eta igandera arte lanean jarraituko dute, hilerrian dauden beste gudarien gorpuzkiak aurkitzeko. Hilerrian egon dira gaur Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Ainhoa Salterain Zornotzako alkatea eta Aintzane Ezenarro Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria. Arkeologoek aurkitutakoaren berri eman diete.

Orain arte, 25 hildako aurkitu dituzte, eta ziur daude gehiago badirela. Gorpuzkiak desagertutako gudari eta milizianoenak dira, denak gizonezkoenak. 1937ko txanpon bat aurkitu dute, Gobierno de Euzkadi idatzita daukana. Horrek esan nahi du hildakoak urte horretako apirilean edo maiatzean lurperatu zituztela, guztiak batera.

Hildakoak ospitaletik edo borroketatik eraman zituzten hilerrira. Gorpuzki batek hanka bat anputatua dauka, eta horrek agerian uzten du ospitalean egona zela. Beste batzuk gerrako arropaz jantzita daude, eta horrek esan nahi du ziur aski Zornotzatik gertu zeuden gerra fronteetan hildakoak direla.

Horrez gain, bi txapa aurkitu dituzte, eta horrek lagunduko du hildakoak identifikatzen. Txapa horiek erabiltzen zituzten paga jasotzeko, eta, eskuragai dauden erregistroak erabiliz, arkeologoek ikusi ahalko dute norenak ziren. Melgosa sailburuak dei egin die desagertuen familiei, DNA laginak emateko, identifikazioan laguntzeko

Aranzadi taldekoek onartu dute ez zutela uste hainbeste gorpuzki aurkitzea: «Espero genuena baino gehiago da; ez genuen espero hilobiak hain handiak izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.