Haga: «faxismoari atea ixteko» Alternatibaren tresna berria

Alternatibak antifaxismoa, feminismoa, ekologismoa eta internazionalismoa oinarri dituen espazio berria aurkeztu du. Jardunaldi bat egin dute, Euskal Herriko errealitate sozial eta politikoa aztertu eta herritarren antolakuntza sustatzeko.

Hagaren aurkezpen ekitaldia, Bilbon. JON URBE / FOKU
Hagaren aurkezpen ekitaldia, Bilbon. JON URBE / FOKU
Paula Marques
Bilbo
2026ko urriaren 2a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alternatibak gaur aurkeztu du Haga espazioa, pentsamendu politikorako sustatutako tresna berri gisa. Egun osoko jardunaldia antolatu dute aurkezpenarekin, Bilboko Euskalduna jauregian, eta herritarren parte hartzea eta antolakuntza bultzatzea du helburu, antifaxismoa, feminismoa, ekologismoa eta internazionalismoa oinarri hartuta. Horretarako, egun osoan hainbat gairen inguruko hitzaldiak antolatu dituzte.

Proiektua duela urtebete hasitako hausnarketa prozesu baten ondorio da, eta Alternatibak orain dela hamasei urte ezarritako helburua bultzatzera laguntzen du: «Munduan esplotazio eta azpiratze modu guztiei aurre egitea eta ezkerreko borrokarako gune partekatu bat sortzea». Hori dela eta, egitasmoak herriaren eraldaketan laguntzea du helburu nagusi. «Elkarteei, herri mugimenduari eta ekintza politikoari kalean eta instituzioetan ekarpenak egiteko borondatez jaio zen proiektua», azaldu dute Hagako kideek.

Gaurko jardunaldiaren helburuetako bat hausnarketa eta ezagutza sustatzea da. «Hausnarketarako eta ezagutzarako gunea da, ekarpenak egiten jarraitzeko asmoa duena. Prestakuntza politikotik abiatuta, Euskal Herriko errealitate sozial eta politikoaren berri ematen jarraitzeko», adierazi dute. Horretarako, hainbat gai jorratuko dituzte: 78ko erregimena, kaos geopolitikoa, kultura antifaxista, komunikabideak eta faxismoaren gorakada, eta borroka intersekzionalak. Hala, hizlarien artean dira Xaimaa Boukharsa, Pastora Filigrana eta Ibai Atutxa, besteak beste.

Alternatibaren berritze prozesua

Hagaren sorrera Alternatibak duela urtebete hasitako hausnarketa prozesuaren ondorio da. «Alderdiaren zuzendaritza politikoa berritu genuen, baita gure ardatz ideologikoak eguneratu ere», kontatu dute. Ondoren, egitura berritu zuten konpromiso eta helburu berri horiek gauzatzeko. Kideek zehaztu dutenez, proiektua prozesuaren azken urratsa da: «Azken txanpara heldu gara; etorkizunera begirako tresna bat aurkeztera». Beraz, haientzat ez da soilik jardunaldi bat egitea: «Prozesu bat da, berreziketa bat, gure konpromisoa indartzen duen berrikuntza bat Euskal Herriarentzat eta bere jendearentzat».

Kideek azpimarratu dute proiektua ez dela bide berri bat, baizik eta tresna berri bat orain dauden bide beretik jarraitzeko. «Tresna bat da, lehendik dauden beste batzuekin batera, Euskal Herriaren eskubide sozial eta nazionalen konkistan aurrera egiten jarraitzeko, eta herrien subiranotasunari buruzko internazionalismotik laguntzeko».

Elkartearen izenak ere badu bere zergatia. «Haga pieza zuzen luze eta mehea da, gehienetan zurezkoa eta eskuz erabil daitekeena», azaldu du aurkezleak. Pieza horrek, hain zuzen, eman dio izena proiektuari. «Faxismoari atea ixteko, eraldaketa feminista bultzatzeko eta autoritarismoaren aurrean tinko azaltzeko» ideia irudikatzen du, «herriaren subiranotasunaren eta ezkerreko subiranismoaren teilatuei eusteko pieza».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA