politika

Hainbat gaztek Aralarren proiektua babestu dute

Iratzarrik larunbatean zioen alderditik irtetea erabaki duela, ildo ofizialarekin ados ez dagoelako. Gaur Aralarren egoitzan prentsaurrekoa emandako gazteek Amaiurrena bezalako "estrategia politikoa" babestu dute, "bide zuzena eta erangikorra delako, eta jendeak eskatzen duena".

2012ko otsailaren 29a
15:57
Entzun

Iratzarrik Aralar utzi duela jakinarazi ostean, "Hego Euskal Herriko herrialde guztietako Aralarreko eta Iratzarriko hainbat gaztek" adierazi dute Aralarren proiektu politikoa babesten dutela, eta Iratzarri-Aralar Gazteak proiektuak aurrera egingo duela azpimarratu dute, "hortik kanpo zentzurik ez daukalako".

"Ezker abertzale zibil eta zabal batengatik, elkartasunagatik, ekologiagatik, presoengatik, biktimengatik eta bakearengatik lan" egiten dutela berretsi dute gaur Donostian, Aralarren egoitzan egindako prentsaurrekoan.

Amaiur bezalako koalizioa babestu dute. "Ziur gaude, ezker abertzalearen beste sentsibilitatearekin, Abertzaleen Batasunarekin, Eusko Alkartasunarekin eta Alternatibarekin kolaboratzeko dugun estrategia politikoa bide zuzena dela, erangikorra, eta jendeak eskatzen duena —batez ere, gazteek—. Pauso horiek Aralarren aldarrikapen historikoa lortzeko ematen ari dira".

Iratzarrik larunbatean zioen aipatutako alderditik irtetea erabaki duela, ildo ofizialarekin ados ez dagoelako. Aintzane Ezenarro Aralarreko eusko legebiltzarkidearen lana goretsi zuen gazte erakundeak, Nafarroa Bai formularen alde agertu zen —"Nafarroan ezkerreko abertzaletasunaren aurrerakadari begira tresna inportante eta eraginkorrenetakoa izan da"— eta Abertzaleen Batasunaren egitekoa ere azpimarratu zuen. "Horiek izango dira gure erreferentzia politikoak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.