«Euskararen gainbehera ez da prozesu natural bat izan, Frantziako instituzioek, hainbat belaunalditan, metodikoki aplikatutako politika publiko batzuen ondorioa baizik». Horrela erantzun diote Ipar Euskal Herriko hirurogei hautetsik Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetak abenduaren 3an bidali gutunari. «Arazoa ez da aurrekontu mailakoa: politikoa, egiturazkoa eta juridikoa da», adierazi dute, euskarak pairatutako «prozesu linguizidari» erreferentzia eginez.
Euskararen nazioarteko egunaren harira, Ipar Euskal Herriko auzapezei zuzendu zitzaien prefeta, Frantziako Estatuak euskararen alde egiten duen ekarpena laudatzeko. EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontuaren inguruan dagoen eztabaidaren harira, estatuaren ekarpena ez emendatzeko erabakia justifikatzea zen helburua. EEPri emandako diruaz gain, Frantziako Kultura Ministerioak emandako dirua ere aipatzen du, eta baita irakaskuntza arlokoa ere, nabarmenduta estatuak ordaintzen dituela euskaraz irakasten duten irakasleen lansariak ere. Orotara, 46 milioi euroko ekarpena, beraz.
Atzo gauean egin zuten publiko hainbat hautetsik Girieri emandako erantzuna. 25 auzapezek, Euskal Elkargoko hemezortzi hautetsik eta herriko etxeetako beste hamazazpik izenpetu dute testua. EH Bairen ingurukoak dira gehienak, hala nola Antton Kurutxarri Baigorriko (Nafarroa Beherea) auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea, Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez eta elkargoko Bil Gaiten talde politikoko burua, edota Daniel Olzomendi Izurako (Nafarroa Beherea) auzapez eta Euskal Elkargoko turismorako lehendakariordea. Baina tartean da Beñat Arrabit EAJko kide eta Arrosako (Nafarroa Beherea) auzapeza ere.
Ez da kasualitatea EEPren biltzar nagusiaren bezperan publikatu izana gutuna. Kurutxarri eta Arrabit EEPko lehendakari ohiak dira.
Aurrekontuei buruzko eztabaida
Hautetsiek banan-banan aipatu dituzte euskarak eskoletan izandako debekua, umiliazioak, zigorrak, mespretxu instituzionala, estatus juridiko falta, administraziorako sarbideari jarritako mugak eta transmisiorako tokien suntsitzeak; «prozesu linguizida baten elementuak, historialariek eta soziolinguistek behin eta berriz deskribatu dituztenak». Hautetsien iritziz, «erantzukizun hori ez aitortzeak» gaur egungo egoera eragin duten «zuzeneko arrazoiak ukatzea» dakar. «Horrek biziberritze politika oro oztopatzen du».
Prefetari erran diote Frantziako esparru instituzionala «hizkuntzen hierarkia zurrun» batean oinarritzen dela, zeinetan frantsesa den jardun publikorako hizkuntza zilegi bakarra. Eta erabili dituen hitzak ere leporatu dizkiote estatuko ordezkariari: «Bigarren mailako tokia esleitzen diote beste hizkuntzei, eta haien gaineko menperakuntza zilegi egiten».
Frantziako estatuaren esfortzua diruz baizik ez neurtzea «gaitzigarria» dela erran diote hautetsiek prefetari. Halaber, «kalkulu okerrak» egitea egotzi diote, besteak beste irakasleen ordainketa aipatzean. «Estatuarena da irakaskuntzaren eta heziketaren funtzioa, edozein izanik ere irakaskuntzarako hizkuntza». Hala ere, Eusko Jaurlaritzak euskarari ematen dionarekin alderatu dute prefetak emandako zifra: 180 milioi euro inbertitzen ditu Jaurlaritzak urtero.
Eta Ipar Euskal Herriko herritarrek 1.800 milioi euro ematen dituzte zergen bidez; prefetaren datuak ontzat emanda ere, euskararen aldeko politika publikoetan jasotzen dutena horien %0,12 litzateke. «Diru ekarpen hori esfortzu azpimarragarri gisara aurkeztea historikoki gutxitua izan den lurralde bati emandako limosna justifikatzea da». Gaur egungoa gainditu, eta «erreparazio politika» bat ezarri behar dela erran dute.
Koofizialtasunaren beharra
Hautetsiek beharrezkotzat jo dute euskararentzat estatus juridiko bat onartzea, Ipar Euskal Herriko lurraldean hizkuntza koofizial gisara aitortuta. Herritarren gehiengoa horren aldekoa dela baieztatu dute. Horrez gain, irakaskuntzan, administrazioan eta esparru publikoan euskararen presentzia bermatzeko eskatu dute.
Azkenik, urte anitzetako finantzaketa eskatu dute, hizkuntza politikaren beharretan oinarritua.