Telefono dei gehienak erantzunik gabe gelditu dira; ez erantzuteko hautua esplikatu dute hautetsi batzuek. EEP Euskararen Erakunde Publikoak arratsalde honetan eginen duen biltzar nagusia aitzin, ez dira biziki hiztun aritu hartan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariak. Badu bi urte aitzinkontuaren inguruko eztabaidetan blokeatuak dabiltzala, adostasunik ezin lortuz. Eta behin eta berriz gibelatu dute hitzarmen sortzailea izenpetzeko epea. Uda hasieran tentsioak goia jo zuen, eta Euskal Hirigune Elkargoak ultimatuma eman zuen. Gaurko biltzarrean batzuek eta besteek mugimenduak egitea espero bada ere, aukera guztiak zabalik daude.Â
Funtsean, hiru aukera daude mahai gainean: hitzarmen sortzailea berritzea, akordio bat lortzeko enegarren luzapena adostea, edo EEP bukatutzat ematea. Hirurak dira posible. Ttitto Betbeder EEPko zuzendariaren arabera, azken asteetan izan diren elkarrizketetan «kideen artean berretsi da EEP dela tresna egokia hizkuntza politika eraginkor bat eramateko». Besterik da erakundeak funtzionatzeko baldintzak adostea; horretan da erronka. Baina, elkarrizketa informaletan, badira zenbait gogoetan ari direnak EEP gainditu eta Ipar Euskal Herrirako hizkuntza politika egituratzeko beste tresna bat sortzeko, batzuek desio duten bilakaera instituzionala gauzatzearekin batera. Aukera hori mahai gainean jarri zuen Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak ere, martxoan. Biltzar nagusian adostasunik lortu ez eta haustura bat izaten bada, tresna berria diseinatzeari ekin beharko diote heldu den hilabeteetan.  Â
Aurrekontuaren inguruko erabakiak funtsezkoak dira. 2004tik, hots, sortu zenetik, lau hanka ditu EEPk: Frantziako Estatua —Kultura, Hezkuntza eta Barne ministerioek dute ordezkaritza—, Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako Departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa. Laurek ekarpen ekonomiko bera egiten dute: 860.000 euro. Aurrekontua ez da emendatu 2017tik, eta euskalgintza aspalditik eskatzen ari da diru zama bi halakotzeko.Â
Hauek dira instituzio bakoitzaren posizioak:Â
Euskal Hirigune Elkargoa
2023an, EEPk azterketa lan bat egin zuen ikusteko zenbateko beharrak zeuden hizkuntza politikaren arloan, eta ebatzi zuten 2,6 milioi euro gehiago behar zituztela, hau da, partaide bakoitzak 650.000 euro gehiago ematea. Euskal Elkargoak berehala eman zuen ontzat hori, baina gainerako partaideek uko egin zioten emendatzeari. Beste proposamen bat egin zuen elkargoak orduan: bakoitzak 300.000 euro gehiago ematea, eta elkargoak beste 350.000 euro gehitzea, aparteko ekarpen gisara. Baina horri ere ez zioten baiezkorik eman gainerako partaideek.
Azkenerako, ekainean prefetak jakinarazi zuen Frantziako Estatuak 100.000 euro gehiago emanen zituela. Iragarpenak haserrea piztu zuen, eta elkargoak presazko agerraldia egin zuen biharamunean, abisatzeko «baldintza horietan» ez zutela izenpetuko hitzarmen sortzailea. Gaur arte atxiki dute hordagoa, eta funtsean, elkargokoen esku izanen da erabaki nagusia. Pentsatzekoa da gainerako partaideak ez direla iritsiko elkargoak nahi lukeen heineraino, baina ikusteko dago non ezarriko duten marra gorria. Biltzar nagusia aitzin ez dute adierazpenik egin nahi izan.Â
Frantziako Estatua
Gorabehera handiak izan dira Frantziaren jarreraren inguruan. Azken hilabeteetan, Ipar Euskal Herriko hautetsiak «baikor» agertzen ziren ministerio batekin eta bestearekin zituzten harremanen berri ematean. Ministerio bakoitzak 100.000 euroko emendatzea eginez, Frantziaren ekarpena beste 300.000 euro emendatzeko aukera errealak ikusten zituen batek baino gehiagok. Max Brisson senatariak Bruno Retailleau Barne ministro ohiarekin izandako solasak aipatzen ziren, Frantziako Hezkuntza Ministeriotik heldu ziren oihartzunak... Parisek dirua jarriko zuelako eta horrek gainerako erakundeetan eraginen zuelako ustea zabaldu zen. Haatik, Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetak batzuen eta besteen ametsak ezabatu zituen: aitzinetik abisurik eman gabe, ekaineko biltzar nagusian iragarri zuen 100.000 euro gehiago izanen zirela Paristik. 100.000 euro denera, ez gehiago.Â
Irailean, Ipar Euskal Herriko parlamentariak Elisabeth Borne orduko Hezkuntza ministroarekin bildu ziren, baina EEPren aurrekontua informalki baizik ez zuten aipatu, eta, geroztik, beste Hezkuntza ministro bat izendatu dute Parisen. Azaro bukaeran, Baionako Bonnat Helleu museoa estreinatu zuten, eta, ekitaldi hartan, Rachida Dati Frantziako Kultura ministroak adierazi zuen haren ministerioak «hasierako engaiamendua» atxikiko zuela, eta haren kabinetea Ipar Euskal Herriko parlamentariekin bilduko zela. Baina, gaur-gaurkoz, ez da bilerarik izan.
Abenduaren 3an Ipar Euskal Herriko auzapezei bidalitako gutun batean, prefetak berretsi zuen 100.000 eurokoa izanen dela emendatzea, eta, hala, Frantziako Estatuaren ekarpena 960.000 eurokoa izanen dela. «Erakunde bakoitzak aurrekontuaren inguruan hartu erabakiak errespetaturik, EEPren hitzarmena bere horretan berritzeko borondatea berresten du Estatuak», adierazi zuen.Â
Pirinio Atlantikoetako Departamendua
Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren esku da gaur egun EEPren lehendakaritza, departamenduko hautetsia baita Maider Behotegi. Alta, Jean Jacques Lasserre presidentea buru duen erakundea izan da aurrekontu emendatzearen kontra gehien egin duena. Ekainean prefetak egin zituen iragarpenen gibelean Lasserren jukutriak ere ikusi zituzten Euskal Konfederazioko kideek, eta Behotegiri eskatu zioten zer gertatua zen argitzeko, haren dimisioa mahai gainean jarrita.Â
Frantziako departamenduek finantza egoera kaskarra dute azken urteetan. Zergen bidez eragiteko aukera kendu zien Frantziako Gobernuak, eta lanak dituzte aurrekontuak aurrera ateratzeko. Behin eta berriz azpimarratu dute egoera «zail» hori departamenduko hautetsiek, eta argudiatu ezinezkoa dela noiz-eta murrizketak egin behar dituzten honetan EEPri ekarpena emendatzea.Â
Joko horretan, deigarria izan da Behotegiren jarrera. Instituzio barneko mugimenduen berri dutenek erran izan dute Lasserre presidentearen aitzinean irmo defendatu izan duela EEPren aurrekontua emendatzea. Baina, jende aitzinean, departamenduaren alde egin izan du. Honela adierazi zuen irailean, Euskal Elkargoko biltzarrean: «Euskarari diru gehiago emateko, euskal kulturaren lerrotik kendu beharko dugu dirua».
Biltzar nagusiaren bezperan, Lasserrek Mediabask-i adierazi dio gaitasuna badutela 100.000 euro gehiagoko ekarpena egiteko. Baina erabakia hartua ote den eta EEPren biltzar nagusian hori iragarriko ote duten galdetuta, departamenduko iturriek ez dute deus baieztatu.Â
Akitania Berria eskualdea
Akitania Berria eskualdea da orain arte diskretuen aritu den erakundea. Iazko Herri Urratsen, 100.000 euro gehitzeko prest agertu ziren, baina geroztik ez dute txintik erran. Frederique Espagnac da Akitania Berriko kontseiluko ordezkarietako bat EEPn. Atzo arratsaldean, arlo exekutiboaren erantzun baten beha zegoen oraindik.Â