Azken egunotan hainbat sute piztu dira Euskal Herrian, batez ere beroak eta hezetasun faltak hanpatuta. Aloña mendian (Oñati, Gipuzkoa), esaterako, atzo arratsaldean tximista batek sutea piztu zuen, baina gauerdirako itzaltzea lortu zuten. Hala ere, gaur basozainak sutearen eremuan daude goizetik, kontrolatzen eta balorazioa egiten. Araban ere hainbat sute piztu dira: Gesaltza Añanan Rotaflex batek piztu zuen sua, eta Armiñonen, berriz, uzta biltzeko makina batek.
Bi suteak ordu batzuetan kontrolatu zituzten larrialdi zerbitzuek. Bastidan (Araba) ere piztu zen sute bat, aurrekoak baino txikiagoa, eta hori ere kontrolpean dago jada. Nafarroan, Iratxetan ere pinudi baten ondoan sute txiki bat izan zen atzo, uztondo batean, baina bi ordutan itzaltzea lortu zuten Nafarroako Suhiltzaileek.
Beroa eta giro lehorra nagusi dira egunotan Euskal Herriaren gehiengoan, barnealdean bereziki; horregatik, Nafarroako Gobernuak ohartarazi du baso suteak izateko arriskua «muturrekoa» izango dela asteburuan, eta kontuz ibiltzeko eskatu du. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, alerta laranja aktibatu du Araban, sute arriskuagatik; gaur eta bihar egongo da alerta piztuta, 12:00etatik 20:00etara. Bestalde, isurialde atlantikoko barnealdean alerta laranja ere aktibatuko dute bihar, baina tenperatura beroengatik.
Ipar Euskal Herrian, berriz, gaur eta bihar alerta laranja dago piztuta beroagatik, eta gaur tximistekin kontuz ibiltzeko eskatu du Meteo Francek ere, 12:00etatik 21:00etara.