Ikasle bakoitzak bere ordenagailu eramangarria edo tableta, arbel digitalak... Urtetik urtera gero eta pantaila gehiago sartu dituzte ikasgeletan, eta kanpora ateratakoan ere ume eta nerabe asko eta asko pantailatik burua altxatu gabe ibiltzen dira. Horrek kezka eragin du zenbait norbanakoren eta eragileren artean, eta Altxa Burua plataforman elkartuta daude horietako asko, haurtzaroan eta nerabezaroan, «teknologiaren erabilera kontzientea, egokia eta progresiboa» sustatzeko. 20.000 familia eta ehun ikastetxek baino gehiagok osatzen dute mugimendua, eta gaur Eibarren (Gipuzkoa) Altxa Burua II. Topaketak egin dituzte; 250 pertsonatik gora elkartu dira —Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua ere bertan izan da—. Telmo Lazkano Altxa Buruako kideak, Joana Jauregizar eta Sonia Ruiz de Azua EHUko ikertzaileek eta Ainhoa Izeta Euskal Herriko Pediatria Elkarteko presidenteak bi ekintzaren berri ere eman dute.
Batetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamabi ikastetxetan —publikoak, ikastolak nahiz itunpeko beste eskola batzuk— proba pilotu bat abiatu dute, trantsizioa egin dezaten eredu pedagogiko batera zeinak «ikasleen garapen neurokognitiboa» errespetatuko duen eta «ebidentzian oinarritutako digitalizazio osasuntsu eta librea» sustatuko duen. Altxa Buruak duela hiru urte aditu talde bati eskatu zion txostena izango du oinarri. Programari Doitu izena jarri diote, eta datorren ikasturtean beste hamabi ikastetxetara eraman nahi dute.
Bestetik, ikerketa «zorrotza eta independente bat» egin asmo dute, aztertzeko zein ondorio dituen ikasgelan ikasle bakoitzak bere gailu elektronikoa izateak. Zehazki, aztertu nahi dute nola eragiten duen errendimendu akademikoan, gaitasun kognitiboetan eta ikasleen ongizatean. Ikerketaz EHU Euskal Herriko Unibertsitateko hiru fakultatetako —hezkuntza eta osasun arlokoak— irakasleak eta ikertzaileek eta Osakidetzako profesionalak —besteak beste, Biogipuzkoako, Biobizkaiko, Bioarabako eta Biosistemako kideak— arduratuko dira, eta, orain, bidelagunak behar dituzte: parte hartu nahi duten ikastetxeei joana.jauregizar@ehu.eus helbidera idazteko eskatu diete.
«Hezkuntza ez da askea»
Ekintza berriak aurkezteko ez ezik, Altxa Buruak egungo egoeraz hausnartzeko ere probestu ditu topaketak. Altxa Buruaren izenean, Lazkanok goretsi du Europan zenbait neurri hartzen ari direla «haurrak teknologia enpresa handietatik babesteko»; alabaina, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera bestelakoa delakoan daude.
«Gaur egun, DBH4ko ikasle batek 2012an DBH1en zegoen ikasle baten irakurmen maila du»
TELMO LAZKANO Altxa Burua taldeko kidea
Bereziki hezkuntza izan du hizpide Lazkanok: «Altxa Buruaren helburua da ebidentzietan oinarritutako hezkuntzaren digitalizazio osasuntsu eta askea, eta ezin dugu esan helburu hori bete dugunik. Gure hezkuntza ez da askea, atzerriko multinazional baten, Googleren, menpekotasun ikaragarria du».
Nabarmendu du ondorioak agerikoak direla gaur egun, eta, esaterako, hamarkada batean ikasleek 79 puntu galdu dituztela irakurmenean: «Gaur egun, DBH4ko ikasle batek 2012an DBH1en zegoen ikasle baten irakurmen maila du». Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrera kritikatu du: «Berrikuntza oro ez da zertan hobekuntza izan».