Ezker abertzaleko hamabi lagunek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute datozen egunetan eta asteetan, euskal presoen ongietorriak direla eta. Tartean daude Guardia Zibilak urtarrilaren 22an atxilotu zituenak: Oihana Garmendia, Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente eta Haimar Altuna Sortuko kideak.
Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzioko salak agindu zuen operazioa, auzitegiko fiskaltzarekin elkarlanean. Euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi «antolatzea eta koordinatzea» leporatzen diete. Atxiloketen egunean, Barne Ministerioak ohar baten bidez adierazi zuen «terrorismoaren goratze» eta «biktimen umiliazio» delituak egozten zizkietela, hiru urtean euskal presoen ehundik gora harrera ekitaldi antolatzeagatik. Barne Ministerioak jakinarazi zuen ordu gutxiren buruan aske geratuko zirela, eta arratsaldean atera ziren Donostiako Intxaurrondoko kuarteletik.
Haiekin batera joango dira Auzitegi Nazionalera Juan Mari Olano eta Julen Larrinaga. Horiez gain, beste sei lagunek ere deklaratu beharko dute Madrilen: Alberto Matxainek, Garazi Autorrek, Ikerne Indakoetxeak, Jorge Olaizek, Irati Tobarrek eta Miren Zabaletak. Itxuraz, horiek beranduago joan beharko dute, eta oraindik ez dakite noiz.