Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzaren harira, «Haserre Gaua» izeneko ekitaldia egingo du Sortuk larunbatean. Hamabi orduko protesta izango da, Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean, irailaren 12ko 21:00etan hasi eta hurrengo eguneko 09:00etan amaituko dena. Sortuk eskatu die protestaldian parte hartzeko asmoa duten herritarrei maskara, lo zakua eta gaua han emateko jantzi egokiak eraman ditzatela.
Ekinbidea iragartzeko egindako bideoan, Sortuk gogora ekarri du 49 herritar hil direla «preso politikoei estatuek aplikatzen dizkieten salbuespen politiken ondorioz», espetxean hildako presoak zein bisitan zihoazelarik istripuan hildako senide eta lagunak kontuan hartuta. «Mendeku politika hau bukatu beharra dago», adierazi du Sortuk.