Hamabost urte eta hamar hilabeteko espetxealdia ezarri diote Osasunako behatzaile ohi bati, adingabeez abusatzeagatik

Errioxako Probintzia Auzitegiak hamar delituren egiletzat jo du gizonezkoa; besteak beste, 16 urtetik beherako adingabeen aurkako sexu abusuak, sexu jazarpena, sekretuak argitara ateratzea eta haur pornografia edukitzea.

Osasunako behatzaile ohiaren aurkako epaiketa, sexu abusuengatik. RAQUEL MANZANARES / EFE
Osasunako behatzaile ohiaren aurkako epaiketa, sexu abusuengatik. RAQUEL MANZANARES / EFE
Ion Orzaiz.
2026ko azaroaren 24a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errioxako Probintzia Auzitegiak (Espainia) hamabost urte eta hamar hilabeteko espetxealdia ezarri dio Guillermo del Soto futbol entrenatzaileari, haren ardurapean zituen mutikoez abusatzeagatik eta haur pornografia edukitzeagatik. Logroñoko Varea kirol klubeko entrenatzailea zen Del Soto, eta horrez gain, behatzaile lanak egiten zituen Osasuna futbol taldearentzat. Guztira, hamar delituren egiletzat jo dute; besteak beste, 16 urtetik beherakoen aurkako sexu abusua, sexu jazarpena, sekretuak argitara ematea eta haur pornografia edukitzea.

Varea futbol taldeko sei jokalariri egin zien eraso, 2020-2021 eta 2021-2022 denboraldietan. Sententzian jasota dagoenez, «entrenatzaile gisa zuen posizioa eta jokalariek harengan jarritako konfiantza» baliatu zituen gizonak, sexu abusuak egiteko. Are: Osasunarekin zuen lotura baliatuta —2021eko uztailetik kontratu mugagabea zuen Iruñeko klubean, behatzaile gisa—, «biktimen konfiantza bereganatu» zuen, futbolean aurrera egiteko eta lehen taldera iristeko aukera eskaintzen baitzien. Promesa horien truke, eduki sexualeko argazkiak eskatzen zizkien, eta saiatzen zen mutikoekin bakarka egoten.

Sententziaren arabera, gainera, Del Sotok «Whatsapp bidezko elkarrizketa sexualak» zituen jokalariekin, argazki intimoak eskatzen zizkien eta, gero, behin eta berriro eskatzen zien elkarrizketa horien arrasto oro ezabatzeko. Epaileek frogatutzat jo dute akusatua aldageletara sartzen zela adingabeak dutxan zeuden bitartean, eta baimenik gabe ateratzen zizkiela argazkiak sakelako telefonoarekin.

Testigantza «sinesgarriak eta koherenteak»

Frogen balorazioa egitean, Errioxako Probintzia Auzitegiak sinesgarritzat jo ditu biktimen testigantzak, eta ebatzi du ez dagoela motiborik horiek zalantzan jartzeko. Magistratuaren iritziz, adierazpenetan deskribatutako gertaerak «iraunkorrak» izan ziren, eta testigantzek era koherentean islatu zituzten, prozedura judizialak iraun zuen bitartean. Epaileek aintzat hartu dute, gainera, adingabeek esanikoak bat datozela entrenatzailearen zenbait adierazpenekin, eta horrek «sendotasuna» ematen diela.

Epaiak egiaztatutzat jo du, azkenik, akusatuak «haur pornografiatzat jar daitekeen material ugari» gordetzen zuela bere gailuetan: irudiotan, adingabeak agertzen ziren «ispilu aurrean genitalak erakusten, eta baita jarrera sexualetan ere».

Kartzelaldiaz gain, erasotzaileak 7.920 euro pagatu beharko ditu isunetan, eta 29.000 euroren kalte-ordaina eman beharko die biktimei. Osasuna, berriz, erantzule zibil subsidiariotzat jo du auzitegiak, eta hortaz, akusatuak ezinen balitu kalte-ordainak pagatu, Iruñeko klubak bere gain hartu beharko ditu.

Urruntze agindua ere ezarri diote erasotzaileari: espetxe zigorra amaitu osteko lau urteetan, ezinen da biktimengandik 200 metro baino gutxiagora egon, ezta haiekin harremanetan jarri ere. Espetxetik aterata, bestalde, bost urteko zaintzapeko askatasun zigor bat ere bete beharko du, sexu askatasunaren aurkako delitu bakoitzarengatik. Denbora horretan, ezinen da aritu adingabeekin kontaktu jarraitua eskatzen duen ezein lanbide edo jardueratan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA