Hamabost urteko espetxe zigorra ezarri diote Agnes Lassalle irakaslea hil zuen gazteari

2023ko otsailean izan zen hilketa, Donibane Lohizuneko eskola batean. Fiskalak hamasei urteko zigorra eskatu du.

Tomas Akinokoa lizeoan izan zen hilketa. PATXI BELTZAIZ
Tomas Akinokoa lizeoan izan zen hilketa. PATXI BELTZAIZ
Maite Asensio Lozano.
2026ko apirilaren 24a
21:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hiru urte Donibane Lohizunen (Lapurdi) Agnes Lasalle irakaslea hil zuen gazteari hamabost urteko espetxe zigorra ezarri diote gaur. Paueko Adingabeen Auzitegian epaitu dute asteon (Okzitania), ateak itxita, hilketaren garaian 16 urte zituelako; 19 ditu orain. Fiskaltzak hamasei urteko zigorra eskatu du gaur, erasoa aurrez prestatu zuelakoan.

2023ko otsailaren 22an gertatu zen hilketa, Donibane Lohizuneko Tomas Akinokoa lizeoan. Gaztelania klasea amaitzear zela, gazteak ikasgela giltzaz itxi zuen barrutik, irakaslearengana hurbildu zen eta bularrean sastakatu zuen, ikaskideek kontatu zutenez. Osasun zerbitzuek ezin izan zuten Lassalleren bizia salbatu; 52 urte zituen.

Gertakariaren egunetik hilketa gisa ikertu dute erasoa, aurrez pentsatua zuelakoan. Izan ere, ikertzaileen arabera, erasotzaileak bezperan hartu zuen labana etxeko sukaldetik eta eskola zakuan eraman zuen, paper batean bildua.

Arazo psikiatrikoak

Halere, gaztearen erantzukizuna izan da epaiketan ebatzi beharreko auzi garrantzitsuena, haren arazo psikiatrikoek baldintzatuta. Izan ere, hilketaren ondorengo orduetan, mutilak deklaratu zuen «min egitera bultzatzen duen ahots batek» bultzatu zuela erasoa egitera, eta prokuradoreak berretsi zuen gaztea «shock egoeran» zela eta «nahasmendu» ugari pairatuak zituela. Auzibidean hiru psikiatria azterketa egin dizkiote gazteari: lehenean, erabaki eta ardura osoa harena zela ebatzi zuten; bigarrenean, ñabardurak gehitu zizkioten, eta eskola jazarpena, depresioa, antsietatea eta tratamendu psikotropiko bat aipatu zituzten; hirugarrenean, gaztearen «oharmenik eza» azpimarratu zuten.

Hala, fiskalak, gaur zigor eskaera zehaztu duenean, frogatutzat eman du gazteak erasoa aurrez pentsatua zuela, baina epaileen esku utzi du haren egoera psikiatrikoaren eta erantzukizunaren inguruko erabakia. Dena den, hamasei urteko zigorra galdegin du, eta hamabostekoa ezarri diote. Aldeek hamar egun dituzte sententziaren aurkako helegitea aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA