Hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri diote Berlinen bilbotar bat sastakatu zuen gizonari

«Hilketa saiakera» eta «atzerriko erakunde terrorista baten parte izateko saiakera» delituak egotzi dizkio Berlingo Justizia Auzitegi Gorenak. Biktimak «kalte psikologiko larriak» ditu erasoaren ondorioz.

Erasoaren ondoren bi poliziak erasotzailea atxilotu zuten unea, iazko otsailean, Berlinen. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Erasoaren ondoren bi poliziak erasotzailea atxilotu zuten unea, iazko otsailean, Berlinen. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
maddi iztueta olano
2026ko martxoaren 5a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri diote Berlinen bilbotar bat sastakatu zuen gizonari. Iazko otsailaren 21ean gertatu zen erasoa, Alemaniako hiriburuaren erdigunean dagoen Holokaustoaren Oroimenezko Monumentuan. «Hilketa saiakera» eta «atzerriko erakunde terrorista baten parte izateko saiakera» delituak egotzi dizkio Berlingo Justizia Auzitegi Gorenak akusatuari. 

Erasotzaileak lepoan zauritu zuen 30 urteko bilbotarra. Larrialdi zerbitzuak azkar iritsi ziren erasoaren lekura, eta laster eraman zuten ospitalera. Denbora tarte batean koman jarri zuten arren, egonkor zegoen, eta hiltzeko arriskutik kanpo, orduko hartan Alemaniako Fiskaltza Nagusiak eta Poliziak ohar baten bidez jakinarazi zutenez. Halere, auzitegi horretako presidente eta epaile Doris Huschek jakinarazi duenez, biktimak «kalte psikologiko larriak» ditu oraindik; tratamendu psikologiko bat jasotzen ari da, eta ezin izan du, oraingoz, lanera itzuli. 

Alemaniako Fiskaltzak bizi guztiko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat, eta biktimaren defentsak, berriz, hamabost urtekoa. Erasotzailearen defentsak, aldiz, zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuen, argudiatuta erasoa egin zuenean 19 urte zituela, eta zenbait kasutan posible dela 18 eta 20 urte artean dituzten gazteak adingabe gisa epaitzea.

«Presioa»

Akusatua Alemanian bizi zen errefuxiatu siriar bat da, 20 urtekoa, eta errefuxiatuentzako aterpe batean bizi zen, Leipzigen. Egindakoa aitortu zuen, eta azaldu EI Estatu Islamikoaren izenean «edonoren aurkako atentatu bat» egiteko asmoarekin bidaiatu zuela egun hartan Leipzigetik Berlinera. Sare sozialen bidez jarri zen harremanetan «talde terrorista» horrekin, eta, auzi saioan esan zuenez, «presio handia» jaso zuen gisa horretako eraso bat egiteko. Erasoaz «damu» zela esan zuen gero, eta barkamena eskatu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!