Iñigo Cabacasen heriotza eragin duten gertaerak ez dira izan azkenaldian Ertzaintzaren neurrigabeko indarkeria salatzea eragin duten bakarrak. Ertzaintzari indarkeria neurrigabea erabiltzea egotzi zaio, besteak beste, martxoaren 29ko greba egunean, Kukutza eraisterakoan eta martxoaren 3an hainbat gazteren kontra. Haietan guztietan Ertzaintzaren jarrera justifikatua izan dela esan du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Rodolfo Ares sailburuak argi berretsi zuen atzo ere: «Batzuk beti saiatzen dira Ertzaintzaren kontra egiten beren lana egiteagatik, eta hori ez dut onartuko». Kasu horiek ikertu direla azpimarratu zuen, gainera. Baina haietako bakar batean ere ez dute ondorioztatu Ertzaintzak gaizki jokatu zuenik. Ertzaintzak «askatasunak eta eskubideak» defendatzeko lan egiten duela esan zuen Aresek.
Xuban Nafarrete gasteiztar gaztearena da kasu horietako bat. Martxoaren 29an, lan erreformaren kontrako greba egunean, Zainketa Intentsiboen Unitateara eraman behar izan zuten, Ertzaintzaren karga baten ostean. 19 urteko gazteak kolpe gogorra jaso zuen buruan, ezkerreko aldeko hezur parietalean, belarriaren ondoan. Nafarrete eta beste zenbait lagun edukiontziak gurutzatzen ari zirela esan zuen orduan Herrizaingo Sailaren bertsio ofizialak, eta ertzainei ihesi lasterkari eman zionean erori eta espaloi ertz baten kontra kolpea hartu zuela. Erabat desberdina da Nafarreteren eta hainbat lekukoren bertsioa. Ertzainek lau metrotik pilotakada bat eman, lurrean jipoitu eta ahoan grebaren aldeko eskuorriak sartu zizkiotela diote.
Familiak azalpenak eskatu dizkio Aresi, eta Herrizaingo sailburuaren agerraldi ofiziala ere eskatu zuen EAk, baina Aresek ez du halakorik egin oraindik orain, eta Ertzaintzaren jarrera ez da aldatu. Hain justu, astebetera gertatu da Cabacasen kasua.
Martxoaren 3an ere Ertzaintzak «indarkeria neurrigabea» erabili zuela salatu zuen gazte mugimenduak. Martxoaren 3ko biktimen alde Gasteizen egindako manifestazioaren ostean, eserialdia egin zuten hainbat gaztek PPren egoitzaren eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. «Desobedientzia ekintza baketsua» izan zen, gazteen arabera, baina Ertzaintza oldartu egin zitzaien, eta hainbat lagun zauritu zituen. Ertzainek «indarkeria eta jazarpen bereizi gabea eta neurrigabea» erabili zutela salatu zuen gazte mugimenduak. Zaurituak ospitalean artatzen zituzten bitartean Ertzaintzak, ospitalera sartu, eta «mehatxu eta irainen» bidez bertan zeudenak identifikatu zituela ere salatu zuten. Bertsio ofizialak bestelakoa esan zuen: gazteek eraso egin zietela ertzainei objektuak botaz.
Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea husterakoan Ertzaintzak izandako jarrera ere asko kritikatu zen. Eraisketarengatik protestan ari ziren milaka lagunen kontra bortizki oldartu zen Ertzaintza iazko irailaren 21ean eta hurrengo hiru egunetan. 64 lagun atxilotu zituzten, eta hainbat zauritu. Auzoan gertatutakoa salbuespen egoerarekin alderatu zuen Errekaldeberriz auzo elkarteak, eta gogor salatu zuen Ertzaintzaren jarrera. Erabat itxita eduki zituzten auzorako sarrera irteerak, eta jendeari mugitzea galarazi zioten.
Lekukoen arabera, saretak jaitsiak zituzten tabernetan ere sartu ziren ertzainak kolpeka. Errekaldeko osasun etxean ere sartu ziren, eta, «basatiki oldartu» ostean, txosten medikoak eraman zituzten. Zaurituak dozenaka ziren.
Istiluen bideoak grabatzen ari zirenei sakelako telefonoak kendu zizkieten egun horietan, eta etxeetako balkoietatik irudiak hartzen ari zirenei pilotakadak jaurti zizkieten.
Aralarrek, EAk eta EBk eskatuta, agerraldia egin zuen Herrizaingo sailburuak Legebiltzarrean. Argi hitz egin zuen, eta ertzainek izan zuten jarrerarekin «harro» zegoela esan zuen. Ertzaintzaren jokabidea «proportzionala, profesionala eta eraginkorra» izan zela.
Futbolarekin, gehiago
Cabacasena ez da futbolarekin lotuta Ertzaintzak izan duen bortizkeria jarrera bakarra. Otsailean Athletickek eta Mirandesek Espainiako Kopako finalaurrekoa jokatu zuten egunean istiluak izan ziren partidaren aurretik. Jon Hernaez Argazki Presseko argazkilaria eta Mitxi Calvo El Mundo del País Vasco-koa jo eta zauritu egin zituzten. Aurrenari kameraren objektibo bat txikitu zioten, eta bigarrena erietxera eraman eta ebakuntza egin behar izan zioten eskuan zituen zauriengatik.
Ertzain baten «jarrera indibiduala» izan zela azaldu zieten Ertzaintzako arduradunek argazkilariei, eta hari espedientea ireki ziotela. Gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatuko zuela hitz eman zuen Rodolfo Aresek.
Iñigo Cabacasen heriotza
Hamaikagarren indarkeria kasua
Iñigo Cabacasen kasuarekin argitara atera da gehiegizko indarkeriaren erabileraren gaia. Beste hainbat kasutan ere egotzi zaio hori Ertzaintzari, baina agenteen jokaera «proportzionala» izan dela esan du Aresek, beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu