Goizean goiz hamar bat ekintzailek CAFen Beasaingo (Gipuzkoa) egoitza nagusiaren atarian kateatu dute beren burua. Argi oihukatu dute haien protesta: «Israel hiltzaile, CAF laguntzaile». Salatu dute trenak eraikitzen dituen enpresa «Israelgo genozidioaren eta apartheidaren egituren konplize zuzena» dela.
Ekintzaileak Global Movement to Gaza erakundeko Euskal Herriko antolakundekoak dira. Jakinarazi dute, hain zuzen, gaur dela Palestinaren Aldeko Elkartasunaren Nazioarteko Eguna, eta horregatik abiatu dutela ekintza hori. Oihuka ari zirela, Ertzaintza bertaratu da. Bertan zeuden bi kazetari identifikatu dituzte, BERRIAkoa tartean.
Eguerdi aldera, suhiltzaileak bertaratu dira, eta ekintzaileak askatu dituzte. Hala, bukatutzat eman dute protesta.
Palestinaren aldeko antolakundeak ohar batean adierazi duenez, NBE Nazio Batuen Erakundeak ofizialki sartu du CAF Palestinaren okupazioan sionismoarekin kolaboratzen duten enpresen zerrendan. Erantsi dute CAFek ez dituela trenak soilik fabrikatzen, trenbide sistema osoaren «hornitzaile integrala» dela, eta trena ez dela garraiobide neutral bat, «anexio eta apartheid tresna bat» baizik.
CAFek Jerusalem Light Rail proiektuan parte hartzen du. Jerusalemen tren azpiegitura eraikitzean datza proiektua. Palestinaren aldeko antolakundeak iritzi dio azpiegitura hori «estrategikoa» dela, Palestinako lurretan legez kanpo eraikitako hainbat kolonia lotzen baititu; hauek aipatu dituzte, besteak beste: Jerusalem erdigunea, Pisgat Ze'ev, Gilo, French Hill eta Givat Hamatos.
Era berean, Tel Aviveko metroa eraikitzen laguntzen ere ari da. Metroa Palestinako lurretan eraikita dago. Global Movement to Gaza erakundekoen esanetan, «garbiketa etniko eta egitasmo kolonial baten» parte da proiektu hori ere. Haien iritziz, enpresak ez du soilik «okupazioaren gainean eraikitzen»; aitzitik, «okupazio hori mantentzen» du. «Israelgo kontratu bakoitza odolez zikindutako kontratua da», gehitu dute.
CAFi eskatu diote Israelekin dituen lotura guztiak «berehala» eteteko, sinetsita baitaude boikota dela «tresnarik zilegiena eta eraginkorrena».