Hamar egun barru NaBairen osaera finkatuta egotea espero du Aralarrek

EAk dio koalizioaren aldeko konpromisoa «apurtezina» dela, eta Aralarrek «ontzat» jo du erantzun hori

Txentxo Jimenez eta Aritz Romeo, atzo, Iruñean, Aralarren egoitzan. JAGOBA MANTEROLA/ ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
«Egiaren ordua iritsi da». Txentxo Jimenez Aralarren Nafarroako koordinatzailearen arabera, hamar egunen buruan izenpetuko da NaBairen osaeraren inguruko hitzarmena, eta gizartearen aurrean hauteskundeei begirako aurkezpen ofiziala egingo da.«Argazki horretan ikusiko da benetan nortzuk gauden, eta hor agertzen garenok iritsiko gara maiatzera». Jimenezek ohartarazi du koaliziokide batek ezin duela legezko beste zerrenda batean parte hartu. «Aralarrek, NaBaiko beste alderdi batek Nafarroarako bozetarako beste dokumentu bat sinatua duela jakingo balu, alderdi horrek koalizioarekin hautsi duela ulertuko luke».

Bihar aurkeztuko dute, Gasteizen, EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleak indarrak biltzeko hitzarmen politikoa. Luzera «nazio eraikuntza zein gizarte eraldaketa bultzatzea» helburu dituen subjektu politikoa sortzeko abiapuntutzat jo dute akordioa hiru alderdiok, baina EA bertan egoteak datozen hauteskundeei begira Nafarroan zer eragin izango duen zalantzak piztu dira. Hala, zenbait komunikabidek zabaldutako zalantzok gezurtatu, eta Maiorga Ramirezek azpimarratu du NaBairen aldeko EAren konpromisoa «apurtezina» dela.

«Ez gara gu konpromiso hori auzitan jarriko dugunak», esan du, berriz, Txentxo Jimenezek. «EAk esan du ez duela onartzen bere konpromisoa auzitan jartzea. Guk ere ez dugu auzitan jartzen, eta sinatutakoari uko egiten ez zaion bitartean ontzat jotzen dugu», esan du.

Ez du uste bihar aurkeztuko den akordioak «hauteskunde arloko inongo konpromisorik» aitortuko duenik. «Ez da posible, sinatzaileetako bat legez kanpo dagoelako eta automatikoki baliogabetu egingo lukeelako aurkeztutakoa». Hala ere, Jimenezek ez du zalantzarik ezker abertzalea bozetan aurkeztu ahal izango dela. «Nahiko nuke Nafarroan hauteskundeetan izatea eta gurekin lehiatzea. Ez lehiatu nahi dudalako, baizik eta elkarrekin joatea ez delako posible izan».

Urtarrilaren 5ean iragarri zuen Aralarrek ezker abertzalea Nafarroa Bain sartzeko eztabaida itxitzat ematen zuela. Ukatu egin du ezker abertzaleari betorik jarri zaiola, eta, Aralarren arabera, ezker abertzaleak koalizioa «okertzeko edo hausteko» saioa egin du. «Proiektu honetan sinesten dugunon autodefentsarako zilegizko erreakzioa da gurea».

Aralarrek hiru zalantza jarri zituen: batetik, nafarren erabaki ahalmena; bigarrenik, ETAk atzera egin ezean, zer egin; hirugarrenik, «estatuak ezker abertzaleak legez kanpo jarraitzea erabakiz gero NaBai barruan Batasunak makineria norainobehartuko lukeen ikustea». «Esan genien euren eskubidea defenditzeko neurri oro baliagarriak zirela, baina NaBairen presentzia arriskuan jarri gabe. Hori zen gure muga». Haren ustez, ezker abertzaleak ez die eskaerei erantzun.

Azalpen eske

Haatik, Txelui Moreno eta Gorka Mayok idatzitako iritzi artikuluan —Hauteskunde aliantza, beltza zuriaren gainean idatzia Ezkerabertzalea.info webgunean irakur daiteke—, adierazi dute Aralarrek ez diela azaldu zeintzuk diren akordioa ezinezko egin duten arrazoiak. «Badirudi arrazoi boteretsu eta ukiezinak daudela. Ez dezagun ahaztu Aralarrek distantzia gaindiezinez, konfiantza faltaz eta haustura saioez hitz egiten duela. Zergatik? Bakarrik Aralarren zuzendaritzak du erantzuna». Akordio bat ez sinatu nahi izatea «erabat zilegitzat» jo dute. «Hori bai, ez da onargarria argudio faltsuak erabiltzea».

Hala ere, ETAk egindako urratsaren ondotik aukera baliatu behar dela iritzi diote. «2011n, denbora askoan agian berriro errepikatuko ez den aukera bat izango dugu». EAJren bidetik edo ezkerreko bidetik jotzea aukeratzeko eskatu diete EAri eta Aralarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.