Hamar urte dira Ramiro Gonzalez agintera heldu zela. Atzoko egunez, 2015eko ekainaren 30ean izendatu zuten Arabako ahaldun nagusi. Jeltzaleen eta sozialisten botoei esker izendatu zuten, gutxiengoan eta gehiengo osotik urrun, baina nahikoa izan ziren Javier de Andres popularrari aginte makila kentzeko. Urteurrena balitu du Gonzalezek bere agintaldiaren balorazioa egiteko; bere «lidergoari» esker hamarkada honetan lurraldea «eraldatu» egin dela nabarmendu du: «Aldaketa handiak izan dira, eta guztiak diputazio honek gidatu ditu».
Arabako Aldundiaren jauregian egin duen agerraldian, hamar urte horien errepasoa egin du Gonzalezek. Adierazi du gizartea erabat aldatu dela urte hauetan, baina EAJren eta PSEren koalizio gobernua gai izan dela unean uneko erronkei aurre egiteko: «Gobernu eredu hau baliagarria da lurralde honetarako. Erakutsi dugu gai garela entzuteko, guztiekin hitz egiteko eta akordioak erdiesteko». Zehaztu du, hain zuzen ere, oposizioarekin hitzartu dituela aurrekontuak, zerga politikak, azpiegiturak eta erakunde erreformak, besteak beste.
Edonola ere, bereziki ekonomiaren, enpleguaren eta gizarte politiketan egindako lana azpimarratu du; izan ere, nabarmendu du enplegu betea izatetik gertu dagoela Araba, langabezia tasa %6 inguruan baitu: «2015ean baino 25.000 pertsona gehiago daude lanean gaur egun». Horrek ekonomia sustatu duela esan du, eta horri esker zergen bidez diru gehiago bildu dutela. «2015ean 2.000 milioi euro bildu ziren, eta aurreikuspenen arabera 2026an 3.000 milioi bilduko dira, zergetan aldaketa handirik egin gabe».
«[EAJ eta PSEren] Gobernu eredu hau baliagarria da Arabarako. Erakutsi dugu gai garela entzuteko, guztiekin hitz egiteko eta akordioak erdiesteko»
RAMIRO GONZALEZArabako ahaldun nagusia
Gonzalezen hitzetan, baliabide horiek «industria tradizionala» sostengatzeko eta enpresei laguntzak emateko erabili dira, baita gizarte politikak indartzeko ere. Ahaldun nagusi denetik gastu sozialerako aurrekontua «asko handitu» dela argudiatu baitu. Zaintzen eredua «irauli» izana goraipatu du, eta eredu publiko-pribatuaren aldeko aldarria egin, nahiz eta ez duen zahar etxeetako gatazka onbideratzea lortu. Tokiko erakundeei finantzaketa handitu eta lehen sektorea babestu izana ere nabarmendu du.
Bete gabeko helburuak
Gonzalezek egin duen balantzea baikorra izan da erabat, baina aitortu du bete gabeko helburuak ere badituela. Atsekabea agertu du, esaterako, ez duelako lortu Arabako Errioxako ardoak «hobeto» bereiztea, hark Errioxako sor-markaren barruan egitearen alde apustu egin badu ere. Eta kritikatu du abiadura handiko trena ez dela lurpetik iritsiko Gasteizera, hasiera batean Madrilekin adostu zuten gisara. Data bera ere, 2030a, «beranduegi» dela iritzi dio. Eta salatu du Iruñearekin nondik lotu ebazteko txosten teknikoak ere «behar baino gehiago» atzeratzen ari direla. «Ezin naiz pozik egon».
Energia berriztagarrien azpiegitura gehiago jartzea ere gehiegi atzeratu dela adierazi du. Eta salatu du une askoan aldundia «bakarrik sentitu» dela, ardura guztia bere —gobernuaren eta, bereziki, ahaldun nagusiaren— gain utzi dutelako maiz: «Inork ez zuen ardura hartu nahi». Hala ere, azken urteetan aldaketa bat sumatu du Batzar Nagusietan, iritzi baitio eztabaida lehia politikotik atera duela oposizioak. Eta pozik azaldu da Labrazako parke eolikoa eraikitzeko lanak urte amaieran hasiko direlako.
Garraio azpiegiturei dagokienez, Forondan bidaiari kopurua handitzeko jarritako helburua lortu duela azpimarratu du, 2015ean 11.000 bidaiari izan baitziren eta 2023an, berriz, 300.000ren langa gainditu baitzen. Hala ere, adierazi du orain erronka 500.000 lortzea dela. «Gertu gaude, eta uste dugu lortuko dugula. Noski, ez aurten», ñabartu du. Eta jakinarazi du hazkunde hori baliatuko duela AENAri aireportua handitu eta «sakoneko erreforma bat» egin dezala eskatzeko.
Bi agintaldi eta erdi daramatza Arabako ahaldun gisa Gonzalezek, beste inork baino gehiago. Martxan den legealdiari dagokionez, jakinarazi du gobernu programan jasotako neurrien %91,5 gauzatu direla edo martxan direla. Lanean orain arteko gogo eta ardura berarekin jarraitzeko konpromisoa hartu du, eta gauza bera galdegin die gobernu taldeko diputatuei. «Oinak lurrean ditugu, baina ez gara geldituko. Lanean jarraituko dugu, begirada epe luzera jarrita».