Gaztetxeak

Hamarkada bat Kukutza III hustu zutenetik

Ertzaintzak indarrez hustu zuen Bilboko gaztetxerik handiena zena: 55 lagun atxilotu zituen, 63 auzipetu, eta ehundik gora zauritu.

Paulo Ostolaza.
2021eko irailaren 20a
16:42
Entzun

Ertzaintzak 2011ko irailaren 21ean hustu zuen Kukutza III gaztetxea, barruan 48 lagun zeudela. Hiru egunez hartu zuen Bilboko Errekalde auzoa Poliziak, indarrez: 55 lagun atxilotu zituen, 63 auzipetu, eta ehundik gora zauritu. Bi egun geroago, irailaren 23an, eraikina eraisteari ekin zioten hondeamakinek, orubearen jabe zen Cabisa enpresak han etxebizitzak eraiki zitzan.

Hamar urte igaro dira jada Bilboko gaztetxerik handiena zenaren eraistearen kontrako erresistentzia borrokatik. Ez zen egun batetik besterako kontua izan: bi hilabete lehenago hartu zuen indarra kaleratzearen mehatxuak, eta hasieratik antolatu ziren erresistentzia brigadak eta manifestazioak eraisteari aurre egiteko. Irailean, gainera, indartu egin zituzten erresistentzia talde horiek; besteak beste, Maite Asensio Lozano BERRIAko kazetariak igaro zuen gau bat haiekin.

Irailaren 21ean, ordea, lortu zuten euren helburua ertzainek. Sekulako baliabide erakusketa eginda ere, sei ordu behar izan zituzten Bilboko gaztetxean erresistentzian zeuden lagunak ateratzeko. Baina, barruan ez ezik, kanpoan ere bortxakeriaz baliatu ziren ertzainak protesta egitera hurbildu zirenak uxatzeko.

Goiz osoan auzoa ia setio egoeran eduki ostean, zaurituak ehundik gora izan ziren, eta atxilotuak, 31. Auzokideen eta gazteen borrokari esker, eraikina botatzeko agindua bertan behera utzi zuen Bilboko epaitegiak, baina bi egun geroago ekin zieten lanei azkenean.

Ertzaintzaren eta herritarren arteko istiluak errekalden, 2011ko irailaren 22an.Jon Hernaez / Foku

Kukutza III gaztetxearen proiektuak hamahiru urte egin zituen bizirik. Iñaki Carrok (Bilbo, 1971) BERRIAri azaldu zion moduan, hasieran Kukutzaren proiektua askoz ere politikoagoa zen, baina «azken urteetan, batik bat, kultur eskaintza eta sormenak hartu zuen garrantzia». Betiere, autogestioa ardatz hartuta. Eraikina bota eta bi astera ere milaka lagun bildu ziren Bilbon Kukutzaren alde, eta autogestioan oinarritutako proiektuekin jarraitzeko deia egin zuten.

Auzotarren topagune izateaz gain, Errekaldeko hainbat eragileren egoitza zen gaztetxea: dantza taldea, antzerki taldea, eskalada... Hori ikusarazteko, lipdub bat grabatu zuten Zea Mays taldearekin elkarlanean, eta oihartzun izugarria izan zuen.

Kukutzaren kasua bereziki esanguratsua izan zen auzokideek egindako erresistentziagatik, Ertzaintzak erabilitako indarkeriagatik eta bi hiri ereduren arteko talka mahai gainean jartzeagatik. Iñaki Azkuna orduko alkateak argi utzi zuen udalaren jarrera: «Epailearen erabakia jabetza pribatuaren aldekoa» izan zela esan zuen, eta azpimarratu Kukutzako eraikina «modu ilegalean okupatuta» zegoela: «Udalak jabetza pribatua defenditu beharra du», gehitu zuen.

Auzoko eragileek, gerora ere, behin eta berriz azpimarratu dute Azkunak kaleratze hartan izan zuen erantzukizuna, eta «azpijoko politikoa» egon zela defendatu dute.

Itzal luzea

Kaleratzearen osteko auzibideek luze jo zuten. Bost urte iraun zuten, baina inor ez zen espetxera joan, eta auzipetuak gauza larrienetatik absolbitu egin zituzten. Zazpi prozedura izan ziren denera. Epaitu guztietatik, gaztetxeko teilatuan atxilotutako gazte bati 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta mobilizazioengatik auzipetutako beste bati, lau hilabetekoa. Gainera, hiru adingabek gizarte lanak egin behar izan zituzten zigor modura. Bestalde, ertzain bat ere zigortu zuten, gazte bati eraso egiteagatik.

Orubeak, berriz, urteak egin zituen hutsik. 2015ean jakin zen Cabisak ez ziela erantzun ere egin gazteen eskutitzei eta deiei; izan ere, Juan Carlos Lejarza Cabisa enpresako ahaldunak epaiketan deklaratu zuen Kukutzakoekin hitz egiten saiatzeak ez zuela zentzurik.

Kukutza III kokatuta zegoen orubea, 2016ko iraileanAritz Loiola / Foku

Ordutik izan dira Errekalde auzoa bizirik mantentzeko ahaleginak, baita beste eraikin bat okupatzekoak ere. Gaztetxeen husteek ere ez dute etenik izan: sonatuena 2015ean izan zen, Kortxoeneakoa (Donostia), eta azkena, Arrotxapekoa (Iruñea).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.