Dozenaka lagun elkartu dira etxegabeen alde Bilbon

Beste Bi plataformak ehun lagun baino gehiago bildu ditu gaur Ibaizabalen erriberan. Etxe bat izateko «eskubidea bermatzeko» eskatu dute, bai eta «etxegabetasuna desagertzeko» exijitu ere.

Beste Bi plataformak gaur Bilbon egin duen elkarretaratzea. BERRIA
Beste Bi plataformak gaur Bilbon egin duen elkarretaratzea. BERRIA
Maddalen Omaetxebarria
Bilbo
2026ko urriaren 29a
15:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Veneziaren (Italia) itxura hartu du gaur Bilboko Areatza pasealekuak. Erribera inguruan maskara zurien atzean gorde dute aurpegia dozenaka lagunek, etxe bat «bizitzeko leku bat baino askoz gehiago» dela aldarrikatzeko. Beste Bi plataformaren inguruan elkartutako erakundeek deituta bertaratu dira, gizarteari eta instituzioei gogorarazteko etxe batek «leku bateko kide izateko aukera» ematen duela.

Joan den igandean, Etxegabeen Eguna izan zen Hego Euskal Herrian. Urriko azken domekan etxegabeak omendu ohi dituzte, baina omenaldiak aldarrikapen bihurtu gura izan ditu gaur Beste Bik. Inor ez eskubiderik gabe, inor ez etxerik gabe lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur goizean Ibaizabalen ertzean.

Bertaratutakoek eutsitako karteletan, duintasuna, babesa, intimitatea, atsedena eta beste hitz batzuk irakurri ahal izan dira. Izan ere, ohartarazi gura izan dute etxerik barik ezin daitekeela eraiki «bizi proiekturik», soilik nonbaiten erroldatzean zabaltzen delako «horrek dakartzan eskubideetarako atea».

Nerbioi ibaiaren ertza, Bilbon. BERRIA
Etsaitasunezko arkitekturaren adibide bat, Nerbioi ibaiaren erriberan. BERRIA

Ekitaldiaren irudia indartzeko, euskal hiriak berritxuratzen dabilen etsaitasunezko arkitekturaren adibide bat suma zitekeen pankarten atzean: hiru aulki bakan, ezin izan dadin inor haietan etzan.

Datuak faltan, aurreiritziak sobran

Caritasen eta Foessa fundazioaren azken txostena ere aipatu du Beste Bik, etxerik gabekoen kopurua oraindik ere «goraka» doala azpimarratzeko. Kontua da, ostera, ez dagoela datu zehatzik; arreta zentroetako informazioaz baliatuta egiten dira estimazioak. Eustaten azken datuen arabera, esaterako, 2024an Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko arreta zentroek, batez beste, 4.230 pertsonari eman zieten ostatu egunero; 2022an baino %24 gehiagori.

Horregatik, etxegabeen errealitatea islatzeko, ezinbestekotzat jo dituzte «metodologia zientifikoan oinarritutako zenbaketak», betiere ahaztu gabe «zenbakien atzean pertsonak» daudela. Bide beretik, «aurreiritziak» alboratzeko deia egin diete bai gizarteari, baita instituzioei ere. Botere publikoei, zehazki, «eskubideak bermatzeko duten betebeharrean huts egitea» leporatu diete, eta «bizileku alternatiba duinak eskaini artean» txabolategiak errespeta ditzatela eskatu. Hain zuzen ere, oraindik familia asko «infraetxeetan» bizi direla azpimarratu dute.

Jende guztiak etxe bat izango duen «mundu baten» alde eginez bukatu dute ekitaldia, eta horretarako beharrezkoak diren «baliabide zientifikoak eta kolektiboak» eskatu dituzte.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA