Hamasei lagun deklaratzera deitu dituzte, Voxen aurka protesta egitea egotzita

Heldu den astean deklaratuko dute. Iazko otsailean, Voxek karpak jarri zituen Berriozarren, Arrotxapean eta Noainen, eta orain martxan da ekitaldi horien kontra egin zuten 25 lagunen aurkako prozesua.

Vox alderdiaren postu bat Berriozarren, artxiboko irudi batean. BERRIA
Vox alderdiaren postu bat Berriozarren, artxiboko irudi batean. BERRIA
Iratxe Muxika
2026ko martxoaren 10a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den urteko otsailean gertatu zen: Voxek etorkinen kontrako mezuak zabaltzeko karpak jarri zituen Berriozarren, Noainen (Nafarroa) eta Iruñeko Arrotxapea auzoan, eta Espainiako Poliziak bi lagun atxilotu zituen. Orduan, eskuin muturreko alderdiak epaitegian salatu zuen «biktima gisa» ez ziotela aukerarik eman auzian parte hartzeko, eta aste honetan jakinarazi dute dagokion epaileak arrazoia eman diola. Berriz hasi dute prozedura, Naiz-ek argitaratu duenez: hamasei pertsona deitu dituzte deklaratzera, eta bertze zazpi lagun identifikatzeko eskaera egin du epaileak.

Eskuin muturreko alderdiak jarritako karpen aurka protesta egin zuten hainbat herritarrek, eta istiluak zan ziren. Handienak Berriozarren gertatu ziren, eta foruzainek zenbait pertsona zauritu zituzten foam jaurtigaiekin. Anbulantzia bat bidali zuten zaurituak artatzera eta hala behar zutenak ospitaleratzera.

Prozedura judiziala, berriz, ustezko «gorroto delitu» batekin abiatu zuten, baina «desordena publikoa, atentatua, eta bi pertsonaren aurkako mehatxua» egitea egotzi zieten gero. Prozesua bi lagunen aurka hasi zuten, baina, Voxen helegitea tarteko, zabaldu egin dute. Oraingoz, identifikatu zituzten hamasei lagunek astelehenean joan beharko dute deklaratzera. Horrez gain, epaileak egun hartako bideoetan agertzen diren beste zazpi lagun identifikatzeko eskatu du. Hala, bitik 25era handitu da ikertu kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA