Iazko Korrikan, 36 migratzailek Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko muga pasatu zuten, eta zazpi lagun auzipetu zituzten «talde antolatuan migranteei muga pasatzen eta migranteak aterpetzen» laguntzea leporatuta: urtarrilean epaitzekoak ziren, baina auzia gibelatua izan zen; azkenean, heldu den asteartean iraganen da epaia, urriaren 7an, Baionako auzitegian. Hala, Euskal Herriko hamazazpi auzapezek horien «errugabetzea» galdegin dute, «giza eskubideen aldeko ekimen» baten gisa ulertzekoa baita egintza, haien ustez.
Hauek dira agiria izenpetu duten auzapezak: Ximun Accoceberri Larraineko auzapeza, Xole Aire Urepelekoa, Fernando Anbustegi Baztangoa, Battit Laborde Sarakoa, Eneko Aldana Ziburukoa, Felipe Aramendi Urruñakoa, Antton Kurutxarri Baigorrikoa, Aitor Elexpuru Berakoa, Igor Enparan Hondarribikoa, Xabier Etxarte Mikelestorena Etxalarkoa, Carlos Gaiarre Otsagabikoa, Ander Goikoa Fernandez Orbaizetakoa, Unai Irigarai Oses Auritzekoa, Kike Juanto Paskual Izalzukoa, Joana Mendiburu Oiartzungoa, Leire Remiro Esnoz Erroibarkoa eta Argitxu Agerre Zugarramurdikoa.
Korrikakoa ekinaldi sinboliko bat izan zen haien ustez, «tragedia humanitarioa sortzen duten migrazio politikak salatu nahi zituena». Hain zuzen, oroitarazi dituzte 2021etik Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko «muga zeharkatzeko ahaleginetan» hil diren hamar pertsonak. Argiki adierazi dute ondorio larri horiek hertsiki lotuak direla eskubide urraketa bati: pertsonen zirkulazio librerako nazioarteko eskubidea. «Migrazio politika humanista eta errealista baten beharra» aldarrikatu dute, eta lurraldean «elkarrekin politika humanista baten alde lanean segitzeko engaiamendua» berretsi.