Euskal presoak

Haranburu askatzea onartu du epaileak, baina fiskaltzak dei egin du

Maritxu Paulus Basurco abokatuak «kezka» agertu du, eta Bake Bideak fiskaltzaren «itsukeria eta jarrera mendekatzailea» salatu ditu. Elkarretaratzea eginen dute bihar Senperen, 30 urte aski da! lelopean.

jarraia184787.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko uztailaren 24a
18:46
Entzun

Frederic Haranburu Xistor euskal presoak preso segituko du. Hura baldintzapean aske uzteko eskaeraren alde egin du zigorrak ezartzeko Frantziako auzitegiak, baina terrorismoaren aurkako fiskaltzak erabakiaren kontrako helegitea ezarri du berehala, eta Haranburuk kartzelan jarraituko du. Dei auzitegiak beranduenez irailaren 24an aztertu beharko du helegitea. Lannemezango (Okzitania) presondegian dago Haranburu; 30 urtetik gora daramatza preso.

Bake Bideak fiskalaren erabakia salatu du, ohar batean, «haren itsukeriaren eta jarrera mendekatzailearen ondorioz Haranburu preso geldituko baita, dei auziaren zain». Bake Bideak bihar emango du auziari buruzko azalpen zabalagoa.

Uztailaren 9an aztertu zuten Senpereko (Lapurdi) presoa baldintzapean aske uzteko eskaera. Gaur, zigorrak ezartzeko auzitegiko epaileak bat egin du defentsaren argumentuekin. 30 urte baino gehiagoko kondena beteta, Haranbururen zigorra «efektiboa» dela kontsideratu du, presondegian izan duen ibilbidea «ezin hobea» izan dela, eta ez dela egozten dizkioten delituak berriro egiteko arriskurik. Epailearen hitzetan, Haranburu askatzeak ez luke trabarik eraginen ordena publikoan, eta hainbat euskal hautetsik adierazi dioten sostengua eta Baionako prokuradorearen aldeko iritzia nabarmendu ditu. «Orain arteko helegiteetan, Haranburu askatzeak Espainian eragin lezakeen nahasmendua aipatzen zuen. Epaitegiaren ebazpenean emana da Haranburu Espainian zigortu izan balute jadanik aske legokeela», adierazi du Maritxu Paulus Basurko defentsa abokatuak.

Euskal presoaren osasun egoera ere aipatu du epaileak, COVID-19ak eragindako osasun krisi garaian aske uztea komenigarria dela erranez.

Dei auzitegiak gaurko ebazpena berretsiko balu, hemezortzi hilabetez eskumuturreko elektronikoa eraman beharko luke Haranburuk, eta zortzi urtez izango lituzke betebehar juridikoak. «Haren kondena osoki bukatzerako, 75 urte izanen lituzke», azaldu du Basurkok. Hala ere, helegitea aurkeztu du terrorismoaren aurkako fiskaltzak, eta gehienez ere bi hilabeteren buruan aurkeztu beharko dute. Defentsa abokatua «kezkatua» agertu da: «Orain arte, baldintzapean aske geratzeko eskaera guziak ukatu dituzte dei auzitegian, sistematikoki».

Bihar, Bakegileek deituta, elkarretaratzea eginen dute Senperen, 30 urte aski da! lelopean. 11:00etan hasiko da, herriko sarreretan diren bi biribilguneetan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.