Haritu etxebizitza sindikatuak salatu du Nafarroako 66 etxetako maizterrak inbertsio funtsen aurka «borrokan» ari direla

Fiteroko eta Cintruenigoko etxebizitza horiek duela hogei urte eraiki ziren, babes ofizialeko etxe gisa, baina geroztik merkatu librera igaro dira, eta «orotariko funtsen eta kudeatzaileen» esku geratu. Maizterrak «defendatu ezinik» daudela salatu dute.

Haritu kolektiboko kideek etxebizitzaren egoera salatzeko egindako protesta bat. BERRIA
Haritu kolektiboko kideek etxebizitzaren egoera salatzeko egindako protesta bat. BERRIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urriaren 15a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Fitero eta Cintruenigo herrietako 66 etxebizitzatako maizterrak inbertsio funtsen aurka «borrokan» ari direla jakinarazi du Haritu etxebizitza sindikatuak. Sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, etxebizitza horiek duela hogei urte eraiki ziren babes ofizialeko etxebizitza gisa, baina geroztik merkatu librera igaro dira, eta «orotariko funts eta kudeatzaileen esku» geratu dira. Egoera horrek etxebizitza horietako maizterrak «defendatu ezinik» utzi dituela deitoratu du sindikatuak, eta bilera informatiboa antolatu dute larunbaterako, arratsaldeko bostetan, Fiteroko Calatrava antzokian.

Etxebizitza horietako 47 Cintruenigon daude, eta beste hemeretzi, Fiteron. Harituren arabera, Cintruenigoko etxeetako maizterrak «defendatu ezinik geratu ziren etxejabeen segida amaigabearen ondorioz. Ez zekiten nor zen beren ugazaba, ezta beren kontratuekin zer gertatuko zen ere». Alokairua etengabe igo zietela ere salatu du sindikatuak. Joera horren amaiera «etxegabetze aginduak» izan ziren. Maizterrek, ordea, sindikatuaren laguntzaz antolaturik, etxegabetze horiek gelditzea lortu dute, eta «iraupen luzeko» kontratuak lortu dituzte, «prezio egokian».

Fiteron, berriz, egoera «kezkagarria» da oraindik, sindikatuaren hitzetan. «Jabeek ez dute kontratu berririk negoziatu nahi, eta hainbat etxegabetze prozedura abiatu dituzte», deitoratu du Harituk. Maizterrak, sindikatuaren laguntzaz, etxegabetze horien aurka antolatzen ari dira, eta erakundeei «berehalako konponbideak» eskatu dizkiete arazoari aurre egiteko. Sindikatuaren ustez, Fiteroko eta Cintruenigoko familien egoera ez da «arazo bakana», baizik «irabazi ekonomikoa etxebizitza bezalako oinarrizko eskubideen aurretik lehenesten duen eredu» baten egiturazko ondorioa. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA