Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen egoera zein den jakin nahi du Harrera elkarteak. Horretarako, haien zaurgarritasunaren azterketa egingo du aurten. Galdetegi bat bidaliko die 2000. urtetik espetxean egon direnei eta erbestean bost urte baino gehiago pasatu dituztenei, horrela gaur egungo premiak zein diren jakiteko eta urte batzuk barru zer behar izango diren aurreikusteko.
Urteko batzarra egin du Harrera elkarteak gaur, Durangoko (Bizkaia) San Agustin aretoan, iaz egindako lana baloratzeko eta aurtengo lan ildo nagusiak aurkezteko. Euskal presoei, iheslariei eta deportatuei gizarteratzen laguntzen die Harrerak. Zigorra betetzen ari direnei eta bete dutenei. 2012an sortu zuten, gizarteratze prozesua errazteko. Elkarteak bitartekoak eskaintzen dizkie «duintasunez bizitza berri bat eraikitzeko bidean».
Berrehun pertsona baino gehiago
Gaur egun berrehun pertsonari baino gehiagori laguntzen die. Presoak espetxeetatik atera ahala, Harrerak gero eta lan gehiago du. Iaz lanpostuak lortu zizkieten espetxetik ateratzeko lan kontratuak behar izan zituzten guztiei, hamasei ikasketa kontratu egiten lagundu zuten, laguntza eskaerak eta pentsioak kudeatu zituzten, osasun zerbitzu berriak eskaini zituzten... «Espetxea edo atzerria atzean utzi eta babesa behar izan duten guztiei gertutik eta goxotasunez lagundu zaie», azaldu dute Harrera elkarteko ordezkariek.
1.600 bazkide berri lortu zituen iaz, 5.000 baietz kanpainaren bidez. Kopuru horretatik gertu dago: 4.820 bazkide ditu. Bazkideak lortzea izan zen iazko helburu nagusietako bat. Batzarrean aipatu dute elkarteak oinarri sendoak dituela, bazkideen laguntzari eta herritarrek emandako dohaintzei esker. Baliabide gehiago lortzeko asmoz, testamentuak landuko dituzte aurten: herritarrek beren herentziaren zati bat Harrerari ematea nahi dute.Â
Harrera elkarteak bi bozeramaile izango ditu aurrerantzean: Egoitz Koto eta Maitane Sagastume. Bazkideez gain, alderdi politikoetako eta gizarte eragileetako ordezkariak izan dira gaurko batzarrean: EH Bildu, Sortu, EA, Alternatiba, ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Etxerat, Sare eta kultura eta gizarte arloetako beste batzuk.