LGTBI

Harrotasuna aldarrikatzeko, karrikak hartuko dituzte

Manifestazioak eginen dituzte gaur arratsaldean hiriburuetan eta herrietan

Hainbat herritar Les Bascos elkarteak antolatutako protestan, Miarritzen, 2019an. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Zutitzeko eguna da gaurkoa, karrikara ateratzekoa, karrika harrotasunez hartzekoa. Hamaika protesta izanen dira gaur han-hemen, eta hamaika dira protesta horietan parte hartzera deitu duten kolektiboak ere. Orain artean, hiriburuetan egin izan dituzte manifestazio nagusiak. Aurtengoan, ordea, zabalagoa da aldarrikapena, bai egun aldetik, eta baita leku aldetik ere, hiriez harago hainbat herritan antolatu baitituzte protestak.

Bilbon, manifestazioa egingo dute E-28 koordinakundeak deituta, Transfobiaren aurrean tinko. Konplizitaterik ez, hartu posizioa, lelopean. Transfobian paratu dute indarra Bizkaiko hiriburuan, azken urteetan jarrera transfoboak ugaritu direla salatzeko. Hori horrela, TERF (Trans-Exclusionary Radical Feminist) diskurtsoaren kontrako mezua aldarrikatuko dute, eta talde feminista eta ezkertiarrei «gorrotoz beteriko diskurtso» horren kontra posizionatzeko eskatuko diete. Hala, 19:30ean abiatuko da manifestazioa Bilboko Jesusen Bihotza plazatik. Lelo berberarekin protestak antolatu dituzte baita Lekeition eta Sopelan (Bizkaia) ere. Lekeition 19:30ean eginen dute kontzentrazioa Eskolapean, eta Sopelan,manifestazioa 20:15ean hasita udaletxetik abiatuta. Gainera, «harro ez dela pride» aldarrikatu dute, eta Pride jaian ez parte hartzeko deia egin.

Gipuzkoan, Donostiako Asanblada Transbollomarikak egitarau aberatsa antolatu du gaurko egunaren bueltan, Eskaparate hiriari intsumiso transbollomarika lelopean. Ekainaren 22an hasi zituzten ekintzak, eta ortzegunera bitartean eginen dituzte. Gaur, manifestaziora deitu dute Kursaalean abiatuta, Ortzadarra Kursaalean, biolentzia gure gorputzetan, pobrezia kaleetan lelopean. Aldarrikapenaren ondotik, berriz, topa transmaribibolloa antolatu dute. Bihar, Ene anaia femeninoa liburua aurkeztuko dute Tobacco Days liburu dendan 18:00etan, eta ortzegunean, DJ eta voguing tailerrak egingo dituzte.

Iruñean ere hilabete osorako egitaraua antolatu du E-28 plataformak. Hitzaldiak, kontzertuak, jaiak, formazioa eta aisia uztartu dituzte azken egunetan. Gaurko, berriz, Baluarteko plazatik abiatuta manifestazioa antolatu dute 18:30ean. Nafarroan, Iruñeaz harago, Lizarran eta Zizur Nagusian egin dituzte mobilizazio eta ekintzak asteburuan, bertzeak bertze

Araban, Gasteizen mobilizazioa egingo dute gaur 19:30ean Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta. Hiriburuaz harago,Gorbeialdean, aldiz, azken asteetan zenbait jardunaldi egin ondotik, larunbatean aurkeztuko dute Gorbeialdeko EHGAMen taldea, Zuiako (Araba) gaztetxean. 19:00etan aurkezpena izango da, eta ondotik sexu askapenerako jaia eginen dute.

Ipar Euskal Herrian, Les Bascos elkarteak deituta 22.enez karrikak hartu zituzten Miarritzen larunbatean. Gure harrotasunek ez dute mugarik leloa hartuta, dozenaka lagun bildu ziren.

Lege berri baten eskea

Gehitu elkarteak LGTBIfobia amaitzeko eskea egin du gaurko egunaren harira, eta hala,Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ekin diezaiola LGTBI pertsonentzako «benetako berdintasun lege bat tramitatzeari». Gehituren ustetan, zuzenbide estatua «huts egiten ari da» LGTBI pertsonen oinarrizko eskubideak babesteko orduan. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzari, lege berri bat tramitatzeaz gain, erakunde, administrazio eta Fiskaltzari LGTBI pertsonen aurkako gorroto delituei aitzin egiteko neurri eta politika berriak hartzeko eskatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.