G7koen goi bilera

Hartzea Lopez libre gelditu da

Miarritzeko komisariara deitua zuten goiz honetan, G7koen goi bileraren harira. Pintaketak egin izana leporatzen diote.

G7 Ez plataformaren manifestazioa Miarritzen, uztailaren 13an. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko otsailaren 4a
11:51
Entzun

Sartu bezala atera da Hartzea Lopez Miarritzeko (Lapurdi) komisariatik. Gaur goizerako deitua zuten, G7koen goi bileraren harira galdeketa egiteko. Minutu gutxi iraun du hitzorduak, eta, ateratzean, azalpenak eman ditu euskal militanteak: joan den uztailaren 13an G7 Ez plataformak Miarritzen egin zuen manifestaziora deitzeko Bidarten (Lapurdi) ezarritako pankarta batean haren hatz markak aurkitu dituzte, eta, ondorioz, Bidarten eta inguruetan agertutako margoketak egin izana leporatu nahi diote. Laurence Hardouin abokatuarekin agertu da Lopez, eta uko egin dio Poliziaren galderei erantzuteari.

Hardouinek azaldu duenez, prokuradorearen esku gelditu da afera, eta berak erabaki beharko du segidarik eman ala ez. Hiru aukera daudela esan du: atxilotu eta auzipetzea, zuzenean auzipetzea edo segida gabeko afera gisa artxibatzea. Baikor badaude ere, oraingoz zain egonen direla adierazi du. Lopezek, berriz, salatu du Frantzia «estatu polizial» baten itxura hartzen ari dela gero eta gehiago, eta militanteen «fitxaketa masiboa» salatu du. «Konbokazio hau, nire iritziz, militante politikoen fitxaketa eta beldurtze saiakera bat da, Macronen gobernuaren kontrako mugimendu soziala piztu zenetik beste milaka pertsonari gertatzen ari zaien bezala».

Aman Komunak sareko kidea da Lopez, eta aktiboki parte hartu zuen G7koen goi bileraren kontra osatu zen G7 Ez plataforman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.