Nafarroa

Haserrea piztu du Madrilgo presidenteak Nafarroaren nortasunaren defendatzaileei «arlote» deitu izanak

Isabel Diaz Ayusori (PP) atzera egiteko eskatu diote Nafarroako Gobernua sostengatzen duten alderdiek, eta UPNk esan dio «ezjakintasunez» ez hitz egiteko .

Diaz Ayuso,  Madrilgo Komunitateko Gobernu Batzordearen buru, otsailaren 4ean. EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko otsailaren 19a
18:04
Entzun

«Urte luzez, herrialde honetako politikari asko ibili dira arlotearena egiten; nortasunak sortzen ibili dira, halakorik ez zegoen tokian; hitz egiten ibili dira leondarrago, nafarrago, baleartarrago, katalanago izateaz». Hala mintzatu da mikrofonoen aurrean Madrilgo Erkidegoko presidente Isabel Diaz Ayuso (PP). Erantzun sorta eragin dute hitzok.

Nafarroako Gobernuko alderdiek —PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Dugu-k— eta EH Bilduk iragarri dute bi neurri eramango dituztela parlamentura: lehenengoan, Nafarroako Gobernuari eskatuko diote exijitu diezaiela bai Ayusori eta bai haren alderdiari «publikoki atzera egiteko». Bigarrenean, Nafarroako Parlamentuari eskatuko diote adierazpen publiko bat egin dezala, «Leongo, Balear Uharteetako eta Kataluniako herritarrei elkartasuna agertzeko, Nafarroakoekin batera izan direlako Madrilgo Erkidegoko presidentearen irainen jomuga».

Nafarroako presidenteorde Jose Maria Aierdik, berriz, «komunitate honen historia eta herritarrak aintzat hartzeko» eskatu dio Ayusori.

Geroa Baik agiria argitaratu du salatzeko Ayusok «larriki iraindu» dituela «Nafarroaren autogobernua eta horren defentsa, ordezkari politikoak eta, azken batean, Nafarroako herritarrak». Ayusok ofizialki Madrilgo presidente gisa hitz egin duela nabarmendu du Geroa Baik, eta, beraz, «eraso instituzional» gisa ulertu behar direla haren hitzak. Horregatik, Nafarroako erakundeek erantzun egin behar dutela uste du alderdiak.

UPNk ere erantzun behar izan dio Ayusori, alderdia PPrekin egon arren Navarra Suma plataforman. «Bateragarria da foru erregimena defendatzea eta Espainiarekiko leial izatea», esan dio Javier Esparza UPNko presidenteak Madrilgo Erkidegoko presidenteari. «Ezin da ezjakintasunez hitz egin Foru Komunitatearen errealitate politikoaren inguruan».

Zorrotzagoa izan da Sergio Sayas, UPNk Madrilgo Kongresuan duen diputatua, Twitter bidez. «Diaz Ayuso presidentea: ona izaten da informatzea, edo, behintzat, pentsatzea hitz egin baino lehen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.