ETAk jardun armatuaren behin betiko eta erabateko amaiera iragarrita, bakerako eta normalizazio politikorako prozesua hasi da, prozesu luze eta korapilatsua izango dena ziurrenera, eta alde guztien aldetik urratsak eskatuko dituena. ETAren iragarpenaren osteko balorazioak egiteko eguna izan zen atzo; jarrerak hartzen hastekoa, ETAk armak ez dituela berriro hartuko esan eta gero.
Irribarrea nagusitu zen eragile askoren aurpegietan, eta jendaurrean topa egin zuenik ere izan zen. «Erabaki historiko», «egun handi», «denontzako aukera zabaldu den eguna», adjektiboz jositako adierazpenak egin zituzten.
Ezker abertzaleak bidea hasi baino ez dela egin aipatu zuen, ETAk armak utzi arren gatazka ez delako konpondu, eta Frantziako eta Espainiako gobernuei dei egin zien ETAren «erabaki historikoari» atzerapenik gabe erantzutera.
EAJren buruzagitzak kopa bana eskuan ospatu zuen Sabin Etxean ETAren erabakia. Iñigo Urkullu lehendakariak, dena den, gogorarazi zuen lehen pausoa garrantzitsua izan arren, «ezinbestekoa»,bidea oraindik luzea dela. «Bakea landu egin behar da, betirako bakea lortzeko», adierazi zuen.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez, AEBetatik iragarri baino lehen itzulita, eragile guztiekin elkarrizketak hasiko dituela azaldu zuen, Jaurlaritzaren bileraren ostean egindako adierazpen instituzionalean. Elkarrizketa horientzako, ordea, bide orria ezarrita duela ere esan zuen, hain zuzen ere Eusko Legebiltzarrean duela egun batzuk aurkeztutako dekalogoa, bere horretan eusten badio adostasuna nekez lortuko badu ere.
Espainiako Gobernuak, berriz, behin-behinekotasunari eutsiz, geldi egongo dela errepikatu zuen atzo, egoera kudeatzea azaroaren 20tik aurrerako gobernuari egokituko zaiola erantsiz. Antonio Camacho Barne ministroak ere diskurtso ofizialari eutsi zion, ETA polizia indarrek garaitu dutela, alegia.
Biktimak gogoan
ETAk eragin dituen biktimak gogoratzeko eguna ere izan zen atzokoa, alderdi eta erakunde ugarik aipatu zuten, ia diskurtso guztietan egon zen.
Maixabel Lasari Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendariaren diskurtsoa baino biktimarena irten zitzaion adierazpen instituzionala egiterakoan, ETAren iragarpena amets sinesgaitza egiten zitzaiola esan zuenean.
Etxerat-ek, ETArena «erabaki historikoa» izan zela nabarmendu arren, euskal presoen senide eta lagunen astebururoko errealitate gordina gogorarazi zuen, prentsa oharra bidali orduko errepidean milaka kilometro egin beharko zituztela, alegia.
Nazioarteko eragileak
Donostiako Bakearen Etxean nazioarteko konferentzian parte hartu zuten nazioarteko pertsonalitateak egoeraren jarraipena egiten ari direla argi dago. Guztiek hitz egin dute atzo ez bada herenegun, eta haiek Donostian egindako bost puntuko deklarazioaren lehena bete ostean, gainontzekoek etorri behar dutela azpimarratzeko egin dituzte adierazpenak. ETAk elkarrizketa eskatu duela eta elkarrizketa hori beharrezkoa dela nabarmendu du Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak. Bertie Ahern Irlandako gobernuburu ohiak konfiantza sortzeko urratsak aipatu ditu: presoen auzia konpontzea eta alderdi politikoak legeztatzea besteak beste. Brian Currin abokatu hegoafrikarrak Zapaterok oraindik gauzak mugiaraz ditzakeela eta mugiarazi beharko lituzkeela adierazi du, eta Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohiak akordio zehatzak eskatu ditu, eta Frantziako eta Espainiako gobernuei ETArekin negoziatzen hasteko.
ETAren jardun armatuaren amaiera
Hasi baino ez da egin
Lopezek elkarrizketak iragarri ditu; EAJk topa egin du; ezker abertzaleak gogorarazi du gatazka ez dela amaituETArekin elkarrizketak hasteko eskatu dute Tony Blair, Kofi Annan eta Brian Currinek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu