«Ahalegina eta poza» hemen dira

Lehenbiziko txapak ikusi dira Euskal Herriko kaleetan, Euskaraldian murgiltzeko ahaleginak hasi dira, eta ekitaldi jendetsuak egin dituzte ariketa abiarazteko.

Hasierako ekitaldia, Donostian. JON URBE / FOKU
Hasierako ekitaldia, Donostian. JON URBE / FOKU
Arantxa Iraola - Ion Orzaiz
2025eko maiatzaren 15a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arratsalde partean ekitaldi ugari egin dira gaur Euskaraldia abiarazteko. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan parte hartzeko deia egin dute guztietan. «Aldi batzuk amaitzen direnean kontatzen dira. Beste batzuk kontatzen direnean amaitzen dira. Gaur hasten dugun 11 eguneko aldiak ez du amaierarik: erabileraren aroa ez da-eta sekula amaitzen. Euskararen aldia egunez egun ekinez transmititzen da etorkizunera». Testu bateratua irakurri dute ekitaldi guztietan, eta herritar askok orduantxe jantzi dituzte ahobizi edo belarriprest roletan murgiltzeko txapak. Aldarriarekin bat egin dute guztiek: «Euskaraldia pasioa eta abentura da. Ahalegina eta poza. Grina, kemena eta erronka».

Maiatzaren 25a bitartean egingo dute ariketa. Laugarren aldia du Euskaraldiak, eta berritasun nagusi bat du oraingoan: udaberrian egingo da. Aurreko aldietan udazkenean egin zen beti; azaroan hasi, eta abenduaren 3an amaitzen zen, Euskararen Nazioarteko Egunean. Urtaroz aldatuta, kalean ekitaldi gehiago egitea nahi dute antolatzaileek, harremanetarako plaza gehiago irekitzea. Oro har, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzen dute ahobizi direnek, eta, komunikazioa posible den heinean, euskaraz jardutekoa beti, elkarrizketa elebidunetan ere bai. Belarriprest txapa dutenek euskaraz egin diezaietela eskatzen dute.

(ID_14963750) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-05-15, Baiona. Euskaraldia
Euskaraldiaren lehen urratsak, gaur, Baionan. PATXI BELTZAIZ

Gaur egin dituzten ekitaldi ugariekin ere horixe lortu nahi izan dute. Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Baionan, Donostian, Gasteizen eta Getxon egin dira ekitaldi nagusiak, eta beste hainbat udalerritan ere bai. Eta atzetik beste sorta zabal bat dator: Euskaraldiak gaur emango du datozen egunetan egingo diren ekitaldi nabarmenen berri. Adierazi dute herri batzordeetan-eta dinamika handia piztu dela, eta espero dute horrek aparteko mugimendua sortzea Euskaraldiaren inguruan. Horien bidez, hizkuntza ohiturez gogoetatzeko esparruak ireki nahi dira, eta euskararen alde lerratzeko bideak zabaltzen lagundu. 

Elkar mugituz, mihia dantzatu

Mugimendua. Mihiak ez ezik oinak, besoak eta aldakak astindu. Horixe egin nahi izan dute Iruñean, Euskaraldiari ongietorria egiteko. Horregatik, kalean egin diote harrera euskararen aldeko ariketa sozialari: Broken Brothers Brass Band taldearen doinuek lagunduta, dozenaka euskaltzalek kalejira egin dute Aldapa kaletik O-ko Andre Maria plazaraino. Iruñeko Alde Zaharra tarte batez New Orleans bihurtuta, eta Euskaraldia, berriz, Mardi Gras. Plazan, isildu egin dira haize instrumentuak, baina mugimendua ez da eten, Noraezean konpainiak zirku ikuskizuna eman baitu.

Euskaraldiaren hasiera Iruñean
Kalejira egin dute Iruñean, Euskaraldiari harrera egiteko. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Euskaraldiaren inguruan ehundu den mugimendu horren trinkotasuna nabarmendu dute gaurko ekitaldietan: «Asko gara. Herriz herri batzordeetan antolatutako milaka eta milaka herritar eta boluntario konprometitu, lanerako prest, gogotsu. Hiztun komunitate trinko bat. Gutako bakoitza, bat gehiago eta are indartsuago, sendoago». Egitasmoaren xedea ere plazara atera dute, berriro: «Urrundik gatoz, eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du. Eta gu elkar mugitzera goaz». Hain justu ere, Elkar mugituz egingo dugu! da aurtengo hautatu duten leloa. Mugimendua sortzea baita beti Euskaraldiaren helburua, eta aldaketak eragitea. Eta egiaztatuta dago: euskararen aldeko hizkuntza ohiturak sortzen ditu Euskaraldiak.

Ariketaren garrantzia gogoratu dute. «Beste inon ez da egin Euskaraldia bezalako ariketa sozial masiborik». Eta, txapak jantzita, gozamen ere izan behar duen ahaleginean murgiltzeko deia egin dute. «Inertziak irauli eta hitza partekatuz, hizkuntzari hauspoa emateko garaia da, ilusioa banatuz erabileran jauzia egitekoa; Euskal Herrian euskaraz eroso bizitzea dugu asmo eta».

(ID_14964197) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-05-15, Getxo.Euskaraldiaren hasiera ekitaldia
Euskaraldiaren hasiera ekitaldia Getxon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Iruñeko ekitaldian izan dira Ana Ollo lehendakariordea eta Jabi Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, biak ala biak Nafarroako Gobernuaren izenean. Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, berriz, Getxoko ekitaldian parte hartu du (Bizkaia). Euskaraldian parte hartzera animatu ditu herritarrak, «euskaraz seguru sentitzen ez badira ere». Izan ere, sailburuaren ustez, «ez da beharrezkoa euskara menperatzea hura maitatzeko».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.