Hasi da eskola segregazioaren kontrako ituna lortzeko mahaiaren bigarren fasea: «balioak eta printzipioak» izan dituzte hizpide

Azpeitian egin dute 'Eskola bikaina denontzat' proiektuaren hirugarren bilera. Hezkuntza Sailak saioen dinamika aldatu du, eta eragileek, oro har, ontzat jo dute aldaketa.

Ikasle batzuk Urdaneta eskola publikoan, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ikasle batzuk Urdaneta eskola publikoan, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Azpeitia
2025eko azaroaren 12a
16:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Guretzat, egun garrantzitsua da, Eskola bikaina denontzat proiektuarekin beste pauso bat eman dugu eta». Eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaiak, Eskola bikaina denontzat deiturikoak, hirugarren bilera egin du gaur goizean Azpeitian (Gipuzkoa), eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa pozik agertu da prentsaren aurrera: «Balorazioa oso positiboa da»; 29 eragilek parte hartu dute.

Gaurko bilkuraren bitartez, mahaiak bigarren faseari ekin dio. Orain artean, diagnostiko baten bueltan aritu dira. «Dokumentu bizi bat da, eta, era berean, sendoa», zehaztu du sailburuak. Behin diagnostikoa esku artean izanda, gaur bigarren fasean sartu dira, Pedrosak azaldu duenez: «Saiatu gara etorkizuneko eskolaren balioak eta printzipioak definitzen. Badaukagu nolabaiteko abiapuntu bat: egungo Hezkuntza Legea». Hots, aurrerago zehaztuko dituzten «neurrien, programen eta ekintzen» oinarri izango diren «printzipioen eta balioen» inguruan aritu dira «hausnartzen eta eztabaidan». Jaurlaritzak mahaiaren dinamika aldatu du, talde txikietan aritu dira hizketan, eta gero eman diote elkarri bertan hizpide izandakoaren berri. «Emankorra izan da».

Eta orain, zer? Gaur hitz egindakoa abenduan edo urtarrilean «balioztatuko» dute, Pedrosaren arabera; «txosten edo produkturen bat» egongo da onduta ordurako, «bide orria» zehaztuko duena. «Eta orduan abiatuko dugu lan lerroak definitzeko lana». Espero dute prozesua ikasturte honetan bukatzea. Zera dute xede: «Gobernu moduan, gure lana da zerbitzu publikoak indartzea eta etorkizuneko eskola zaintzea eta definitzea, kalitatezkoa izan dadin».

Eragileak, baikor

Bilkuraren ostean, bi eragilek hartu dute hitza: Heize eskola publikoko zuzendaritzen elkarteak eta Ebi Elizbarrutiko Ikastetxeak elkarteak. Heizeko presidente Iñigo Salaberriak nabarmendu duenez, bilkura «espazio eraikitzailea» izan da, eta ontzat jo du: «Ideiak kontrastatzeko espazio bat izan da, eta iruditzen zaigu horrelako espazio gehiago eta denboran sistematizatuak izateak on egingo digula erronka honi eta hezkuntza sisteman eta eskola publikoetan ditugun erronkei dagozkien erantzunak eta konponbideak bilatzeko».

Nerea Bilbao izan da Elizbarrutiko Ikastetxeak elkartearen ordezkaria, eta azaldu du baliagarria izan dela dinamika aldaketa: «Gaurko dinamikak erraztu egin du bakoitzak bere iritzia ematea; dinamika desberdinak egon dira, eta alde horretatik pozik atera naiz gaurko bileratik, askatasuna eduki dugu-eta gure iritzia emateko arlo hain garrantzitsuen inguruan. Lanean jarraitzeko gogoa daukagu».

Gerora, ohar bat bidali du LABek. Salatu duenez, Hezkuntza Sailak diagnostikoaren fasea bukatutzat eman du, «eragileak diagnostiko horrekin ados dauden galdetu eta jakin gabe». Sailari «alde bakarrez» aritzea egotzi diote, eta jakinarazi dute, esaterako, LABek berak ez duela bat egiten diagnostiko horrekin. Gaurko saioaren gaineko iritzia ere eman du. LABen irudiko, Jaurlaritzak ikusi du eragile batzuek metodologia kritikatu zutela aurreko bileretan, eta, horrenbestez: «Jaurlaritzak araurik ez zuen metodologia aldatu du, eta inprobisazioari heldu. Inprobisazioaren helburua argia da: eragileak parte hartzen ari direla irudikatzea». LAB ez dago ados: «Jaurlaritzari exijitzen diogu itxurakeriak uztea eta langileon ordezkari guztiokin gaiari sakontasunean heltzea, horretarako segregazioari aurre egiteko printzipioak eta neurri zehatzak negoziazio mahaietan landuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.