Kazetari, gidoilari, aurkezle eta idazlea izana zen Hasier Etxeberria (Elgoibar, Gipuzkoa, 1957). Narrazio, nobela nahiz haur eta literaturako liburu ugari idatzi zituen, eta zenbait sari irabazi horiei esker, hala nola Bilintx haur eta gazte literatura saria (1987), Estatua baten historia lanari esker, Julene Azpeitia ipuingintza saria (1992), Aukera profesionala-gatik, Gabriel Aresti saria (1997), Ipuin postmoderno bat egin diot nere buruari liburuagatik, eta Irun Hiria saria (1999), Arrainak ura baino liburuagatik. Horiez gain, 1988an idatzi zuen bere lehen eleberria, Mugetan, eta 2003an, berriz, Eulien bazka.
ETBn 1983az geroztik aritu zen. Zopa haundi, Arkupe, Farenheit, Beti eskamak kentzen, Babel eta Ez dago larrosarik saioetan aritu zen, baina telebistan eginiko ibilbidea Sautrela literatura saiora egon da bereziki lotuta. 1999. urtean estreinatu zuten programa, eta 2012ra arte aritu zen etengabe. Etxeberria zen zuzendari eta aurkezle. Urtebete programaziotik kanpo egon ostean, 2013an berrezarri zuten, eta 2016an, Etxeberria ordurako gaixo zegoela, Beñat Sarasolak ordezkatu zuen aurkezle gisa.
1993an, Rikardo Arregi kazetaritza saria irabazi zuen, eta 2012an, berriz, Sautrela saioari eman zioten sari horretako aipamen berezia. Euskaldunon Egunkaria-ren plazaratzea eragin zuen Egunkaria Sortzen taldeko kide izan zen, eta, 2009an, ZuZeu ataria eratu zuen.
Iazko irailean jakinarazi zuen minbizia zuela. Zuzeu atarian Minbizia dut izenburupean idatzitako sarreran, gogora ekarri zuen duela 25 urte ere izan zuela gaixotasun hori. Osatu zen orduan, baina kartzinoma "bortitzago, biziago, erasokorrago” birsortu zitzaion.
Elgoibarko beilategian
Elgoibarko Etxeberria beilategian egongo da haren gorpua bihar, osteguna, 16:00etatik-20:00etara, eta ostiralean 11:00etatik 14:00etara. Gero, ostiralean bertan ekitaldi zibila egingo dute Kalegoen plazan 19:00etan.