Haurrak euskarazko ereduetan matrikulatzera deitu dute Nafarroako hainbat gizarte eragilek

'Etorkizuna euskaraz hazi' izeneko kanpaina bateratua aurkeztu dute euskalgintzako eta hezkuntza alorreko hamabost eragilek, LAB, ELA eta Steilas sindikatuekin batera.

Garmendia, Reparaz eta Eskisabel, lehen lerroan, euskalgintzaren eta hezkuntzaren alorreko eragileek egin duten agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Garmendia, Reparaz eta Eskisabel, lehen lerroan, euskalgintzaren eta hezkuntzaren alorreko eragileek egin duten agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko urtarrilaren 22a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara ematea aberastea da. Ideia horren inguruan, euskarazko hezkuntza ereduen aldeko kanpaina ondu dute euskalgintzaren eta hezkuntzaren alorreko hamabost eragilek eta hiru sindikatuk. Etorkizuna euskaraz hazi lelopean, seme-alabak euskaraz eskolatzeko deia eginen dute AEK, IKA, Errigora, Taupa, Euskal Herrian Euskaraz, Dindaia eta Administrazioan Euskaraz erakundeek, Gazte Euskaltzaleen Sareak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, Euskalgintzaren Kontseiluak, Sortzen elkarteak, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak, NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteak, NUPeko Euskara Taldeak eta Ikama antolakundeak, baita LAB, ELA eta Steilas sindikatuek ere. Gaur aurkeztu dituzte kanpainaren ardatz nagusiak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren parean. Sinatzaile guztien izenean hitz egin dute NIEko zuzendari Josu Reparazek, Sortzen elkarteko eledun Aitziber Garmendiak eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek.

«Haurrei euskara ematea haietako bakoitza pertsona eta herritar gisa aberastea da: kultur unibertso oso baterako atea irekitzea, eleaniztasunerako gaitasuna indartzea, Nafarroako berezko hizkuntzaren jabe egitea, etorkizunean herritar osoagoak izateko bidea eskaintzea...», nabarmendu dute gaurko agerraldian. Kanpainaren sustatzailearen esanetan, euskarazko ereduek ikasle eleaniztunak sortzen dituzte, eta, horrez gain, «harremanak zabaltzeko» bidea ematen dute, eta «trebakuntza eta aukera profesionalak» areagotzeko modua dira: «Azken batean, euskarazko ereduek etorkizuneko ateak eta aukera berriak irekitzen dizkiete haurrei».

Garapen pertsonalerako tresna ez ezik, ordea, euskarazko hezkuntza «gizarte osoaren etorkizun amankomuna hobetzeko bidea» dela uste dute eragileok: «Hasteko, kinka larrian den euskarari, Nafarroako berezko hizkuntzari, etorkizuna bermatzea, pizkunde berri baterako hazia landatzea». Era berean, adierazi dute haurrak euskaraz heztea zera dela, «Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzeko eta betetzeko oinarriak jartzea».

«Olatu erreakzionarioaren» aurka

Munduaren egoera ere aipagai izan dute Reparazek, Garmendiak eta Eskisabelek: «Gure seme-alabei euskara ematea etorkizun hobe bat elikatzea da. Are eta gehiago, gaur egun, mundu osoan nagusitzen ari den testuinguru bortitzean. Izan ere, indartzen ari den olatu erreakzionarioaren parte da hizkuntza minorizatuen eta hiztun komunitate gutxiagotuen aurka egitea. Olatu erreakzionario hori hizkuntza hegemonikoak indartzera dator, beste supremazismo batzuekin batera hizkuntza supremazismoa sendotzera. Olatu horren aurka egiteko tresna indartsua dugu euskara».

Salatu dute, halere, Nafarroako leku askotan zaila dela seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzea: «Zenbait herri eta ikastetxetan ez da euskarazko ereduez informatzen, edo familiak baldintzatzen saiatzen dira». Hori dela eta, dei egin diote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, «trabak jarri ordez» erraztasunak eman ditzan, «eta euskarazko ereduen bultzatzaile izan dadin, ikasle nafar guztiek bermatua izan dezaten euskararen oinarrizko ezagutza eskuratzea». Azkenik, euskarazko ereduen eskaintza alderdien arteko negoziazio politikoetatik ateratzea ere galdegin dute, «Nafarroako hezkuntza sistemak berak proposatu eta bultzatutako egiturazko aukera izan dadin». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.