Bada arazo sistemiko bat: haurren kontrako sexu indarkeriaren 500 bat kasu ditu aztertzeko Baionako Auzitegiak. Datuak publiko aitzinean jakinarazi dituzte gaur Mariel Garrigos Baionako prokuradoreak eta Florence Bouvier Baionako auzitegiko lehendakariak, Lyhannaren aferaren harira. Alta, gordina izanik ere egoera, ez da lehen aldia neskatila bat desagertu eta hilik atzematen dena. Haatik, nekez digeritu liteke halako gertakaririk, behin oharturik susmagarri nagusia adingabeen kontrako sexu indarkeriagatik behin baino gehiagotan salatua izan zela, eta hori, sekula haren kontrako neurririk hartu gabe.
Jadanik ahuldua zen herritarren eta justiziaren arteko konfiantza hankaz gora jarri du azken asteetan Frantzia eta Ipar Euskal Herria inarrosi dituen aferak. «Halako momentuetan ezin baita herritarren eta justiziaren arteko solasa eten», bilkura publikoa antolatu dute Garrigosek eta Bouvierek eguerdian, Baionako auzitegian. Eguneroko lanean egiten dabiltzana herritarrei azaltzeko saiakera izan da.
Eta eman dituzte datuak ere: Baionako auzitegiak adingabeen kontrako sexu indarkeriaren 208 kasu ditu aztertzeko; Baionako auzitegiari lotuak diren Behe Nafarroako eta Lapurdiko komisaria eta jendarmerien artean, berriz, 350 bat. Denak bateraturik, 550 salaketa inguru dira haurren kontrako sexu indarkeriako kasuei lotutakoak; gerta daiteke zenbait salaketa bi bulegotan erregistratuak izatea, eta, beraz, baliteke pixka bat gutiago izatea. Zuberoa datu horietarik kanpo geratzen da, Paueko (Okzitania) Auzitegiari lotua delako.
Dena dela, uztailaren 14a aitzin berrikustekoak dituzte kasu horiek guztiak, Gerald Darmanin Frantziako Justizia ministroaren aginduz. Garrigosek segurtatu du «behar dena eginen» dutela galdetutakoa betetzeko.
Lyhannaren afera
Puntuan hasi da bilkura publikoa. Baionako Auzitegia betea zen eta, Bouvieren lehen malkoak hatsarrean bertan isuri dira, bilkuraren arrazoiak aurkezteko hitza hartu duenean; Lyhannaren kasuaren aipamena egitean, zehazki. 11 urteko neskatila hori maiatz bukaeran desagertu zen, Okzitaniako Fleurance herrian, haren gorpua aurkitu zuten arte. Susmagarri nagusia Jerome Barella da, 41 urteko gizona, hildako neskatila ikusi zuen azkenengo pertsona. Atxilotu, eta akusaziopean ezarri dute, bahiketa eta hilketa leporatuta.
Eta zabaldu zen berria: iazko udan, gizonaren kontrako salaketa jarri zuen emazte batek, urtebete lehenago haren alaba bortxatzea leporatuta; baina ordutik Barella ez dute behin ere galdekatu. Informazio horiek behin hedaturik, Gerald Darmanin Frantziako Justizia ministroak hitza hartu zuen: «Estatuaren eta justiziaren porrot ikaragarria» onartuta, magistratuen «erabateko mobilizazioa» galdegin zuen tokian-tokian fiskaltzaren bulegoetara iritsi diren eta oraindik segidarik izan ez duten salaketa guziak berrikus ditzaten. Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, 70.000 kasu dira.
Funtsean, uztailaren 14rako erronka ez datza bakarrik ministro baten aginduaren betetzean. Justizia «geldoegia» da, Garrigos prokuradoreak ere onartu du hainbat kolektibok salatzen dutena; orduan, aterabideak atzeman behar zaizkio, Lyhannaren afera bezalakorik ez dadin gehiago gerta. Baina ekonomien aroa da hau, eta «baliabideak eskas» dituzte. Ez Garrigosek ezta Bouvierek ere ez dute «miserabilismorik» egin nahi izan, baina agerikoa izan da horien akidura eta hunkipena, behin baino gehiagotan igan baitzaizkie malkoak.
Hurbildutako hainbat herritarrek hitza hartu ahal izan dute, «galde bat egiteko», bi magistratuek oroitarazi dieten bezala, lekukotasunen kontaketak gehiegi luzatu direnean. Sexu indarkeria jasan duten hainbat haurren amek erran dute prozedurak luzeegiak direla, salaketak aurkeztuak izanik ere —ustez— erasotzaileak diren gurasoei haurrak ikusteko uzten zaien baimenez, onartuak izan ez zaizkien salaketez, auzitara jo izanagatik akusatuaren lekuan gertatu izan diren aldiez...
Cécile izan da lehendabizi hitza hartu duena: «Pixka bat luzea izanen da», abertitu du. Eta kontatu: bere bikotekide ohiak sexualki eraso dio haien alabari. Aita etxez aldatu delako, aferaz arduratzen zen brigada aldatu da, eta lotura eten da geroztik. Eta aitak haurraren zaintzaren parte bat du beti. Nahiz ez legala izan, ostiral bat biren Cecilek ez ditu bere haurrak gehiago eskolara eramaten, haien aitak eskolatik berreskuratzea arriskatzea bailitzateke —horren baimena du aitak—.
Kontua da familia aferez arduratzen den epaileari auzibidea bukatu aitzin zaintzaren baldintzen aldaketa galdegiten bazaio, orduan dosierraren elementu guziak jakinaraziko zaizkiola gizonari; «kaltegarria» litzateke Cecilen ustez. Gauzak horrela, hilabeteak dira «ahal den dena» egiten saiatzen dabilela egoera mugiarazteko, «aldi berean ohartuz agian deusetarako ez duela balioko».
Erantzunak formulatzeko, ekilibristak bezala aritu behar izan dira hala prokuradorea nola lehendakaria, eguerdi honetan adingabeen kontrako sexu indarkeriako kasuen bilgune izan baita Baionako Auzitegia, baita justizia sistemaren porrotaren lekuko ere. Urtean 23.000 afera inguru epaitzen dituzte Baionako auzitegian, horietarik 1.000 sexu indarkeriarekin lotura dutenak. «Lehentasunezko aferen artean lehentasunak eman beharrez» ari dira, Garrigosen ustez.

